Elixabete Perez Gazteluk, Komunikazio saileko irakasleak, Joxepa Antoni Aranberri Petriarena Xenpelar (1865-1943) bertsolari errenteriarraren gaineko ikerlana argitaratu berri du apirilean. Errenteriako Udaleko Berdintasunerako Kontseiluak eskatuta aztertu du, eta apirilaren 16an aurkeztu zuen jendaurrean, herriko udaletxean bertan.
Batez ere Juan Frantsisko Petriarena Xenpelar bertsolariaren iloba izateagatik ezaguna zen Joxepa Antoni Aranberri, eta honen bizitza eta lana izan du aztergai Perez Gazteluk. Argitaratu den lanaren bitartez, ordea, bere lekua irabazi du bertsolariak. Gainera, emakume bertsolari bati eskaintzen zaion lehen monografia da.
Antonio Zavalaren lanetatik abiatu eta iturri askotara jo du egileak datu eske, era askotako iturri bibliografikoetara; baita Joxepa Antoni ezagutu zuen lekuko bat eta besterengana ere. Bertsoak ere interpretatu ditu bertsolaria bizi izan zen garaian kokatuta: bertsoetara zerk bultzatu zuen eta nolakoa ote zen emakumezkoen “bertso-plaza” aztertu du.
Edizioa euskarri digitalean egin denez gero, testuan zehar loturak eginak daude irakurle-erabiltzailek eskura eduki dezan dena delako dokumentu edo irudia. Soinua ere badu: Mirari Perez Gazteluk kantatu ditu bertsoak. Bertsoak entzuteko sartu webgune honetan, eta ikerlana irakurtzeko, honakoan.
(Argazkia: Mendu Urruzuno)
1 Trackback / Pingback
Comments are closed.