Xabier Madariaga, irakasle lanetan Deustuko Unibertsitatean

EiTBko ikusleagorentzat ezaguna da Xabier Madariaga, baina are gehiago Komunikazioko Graduko ikasleentzat. Duela hilabete batzuk Donostiako campusean egon zen, “Komunikazioko profesional baten egunez eguneko jarduna” zikloaren baitan. Egun hauetan gurean izan da berriro. Bueltatu egin da, oraingoan hirugarren eta laugarren mailako ikasleei kurtso praktiko bat ematera. Izan duen ibilbide profesionalean eta urteekin ikasi duen guztian oinarrituta, telebistan zuzenekoak egiteko metodo eta teknika egokiak erakutsi ditu. Kontuan izanda kamera eta mikrofonoaren aurrean esperientzia handiko kazetaria dela, ikasleendako esker onekoa izan da Madariaga irakasle eduki izana. Hiru larunbatez aritu dira unibertsitateko telebistako platoan: mikrofonoa eta papera eskuan, kamera parean, albistegietako zuzenekoen simulakroak egiten.

Ziur aski, parte hartutakoek beste begi batzuekin ikusiko dituzte orain albistegietako zuzenekoak. Erraza dirudiena hala ez dela egiaztatu dute; baina konplexutasun horretan, gustua hartu diote askok, eta ez hainbeste beste batzuek. Kamera aurrean askoren lehen aldia izan da, alegia, probatzeko eskolak izan dira, kazetaritzaren atal hori gustuko edo ez duten jakiteko.

Madariaga kazetari itzela zela dudarik ez geneukan. Orain beste alderdi batez jabetu gara: irakasle lanetan ere bikaina da Xabier. Eskerrik asko!

 

Ez dugu aukerarik galdu eta galdera batzuk egin dizkiogu:

Jerusalem, Madril eta Paris.  Korrespontsal moduan lanean egon zaren lekuetatik bat aukeratu beharko bazenu, zein?

Jerusalem, dudarik gabe. 22 urterekin joan nintzen: han hasi nintzen eta dena zen berria. Inguruan nituen kazetariak niretzako «jainkoak» ziren eta euren eskola jarraitzen nuen. Xurgagailu baten moduan, eurengandik ahal nuen guztia ateratzen saiatzen nintzen. Parisen, esperientzia gehiagorekin, besteek egiten dutena ez nau hainbeste harritzen. Horregatik, beti Jerusalem: egin dudan lehenengo gauza da niretzat politena.

Herrialde ausartean, Jerusalemen, ohitu egiten da bat alertan-egoeran bizitzera?

Horrelako leku batean zaudenean ez duzu inoiz pentsatzen hor dagoen arriskuaz. Horrela da bizitza Jerusalemen. Egia da hasieran gauza oso ezberdinak ikusten dituzula: kafetegia sartzean miatzen zaituzte, kaletik jendea erriflearekin… Horrelako detaileak bai dira ezberdinak, baina pixkanaka ohitzen joaten zara eta ez duzu arriskua ikusten.

Adibide handiena da erakutsi nizuen bideoa [zuzenean albistegietan sartu baino segundo batzuk lehenago, lehergailuak erortzen hasten dira. Kazetaria guztiak, bera izan ezik, gordeta daude, kanpoan dagoen arriskua dela eta]. Behin hor kazetariaren paperean zaudenean, zure lana egiten duzu. Adibide hori surrealista da: bideoa orain ikustean, arrisku egoeran nengoela jabetzen naiz, baina bertan helburua zen albistea ahalik eta hoberen ematea, hau da, aurrera egitea zuzenekoarekin. Bukatzean, kazetariak txaloka hasi ziren, zuzenekoa momenturik «onenean» egin nuela esaten.

Ekialde Hurbileko egoera latzak bizi ostean, beste ikuspuntu, beste betaurreko batzuekin ikusten da errealitatea?

Bai, guztiz aldatzen da. Gatazkaren kontuan, zuria uste zenuena, grisa bihurtzen da, eta beltza uste zenuena, berdea da. Txarra zena ez da hain txarra eta ona, ez hain ona. Bizitza bera baloratzen eta aurpegiratzeko modua ere erabat aldatzen da: pentsatzeko hain modu muturrekoak ikusteak zure pentsaeran ere eragiten du. Bestea ulertzen saiatu behar zara uneoro.

Orain Parisen zaude berriemaile lanetan. Nola ikusten dute hedabide frantsesek Espainia? Oihartzuna al du bizi dugun egoerak?

Egia da Frantziak asko begiratzen diola Pirinioen beste aldeari. Espainian gertatzen ari dena hara iritsi daitekeela uste dute. Batez ere Espainiako alde ekonomikoari begiratzen diote asko, beldur direlako. Esaterako, Espainiako langabezi tasa gorantz dabilela ikusten dute, eta han ere 19 hilabetez ez da igotzen gelditu. Komunikabide frantses guztiek diote: «ez dadila hau, Frantzia, Espainia bihurtu».

Hauteskunde kanpainan ere ikusi genituen Espainiari buruz hitz egin zuten hautagaiak. Sarkozy eta Hollandek ez dute nahi hangoa Espainia bihurtzea.

Sinesgarritasun falta, lan gutxi, diru-sarrerak baxuak… Espainiako kazetaritza dekadentzian dago?

Asko galdu da, bai. Egun, politikariekin batera, prestigio eta balore gutxien dutenak kazetariak dira. Errua gurea da, eta hortaz kontziente izan behar gara.

Gure errua da: gaur A esaten duguna, bihar B eta hurrengoan C da. Interneten azaltzen den guztiaz fidatzera iritsi gara, eta daukagun kazetaritza mota oso azkarra da. Titularrak botatzen dira, baieztapenik gabe eta iturrietara joan gabe. Betiko kazetaritza onera itzuli behar gara, informazio-iturriei galdetzen zion kazetaritza hartara. Eta kazetariak gara prestigio eta sinesgarritasun hori berreskuratzeko lanean jardun behar garenak.

 

Ainhoa Anduaga

Infocom Editore Taldea 13 publicaciones