«Idatziz komunikatu» bai, baina ondo?

Galdera hori egin zuten Elixabete Pérez Gazteluk eta Esther Zulaika Ijurkok, biak Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko irakasleak. Erantzunaren bila, ikerketa bat egin dute beste bi irakasleekin batera, Alazne Mujika Alberdi eta Ion Muñoa Errasti. Azterketaren ondorioak Pérez Gazteluk eta Zulaika Ijurkok Idatziz komunikatu. Gazteak eskolan idazten argitaratu berri den liburuan jaso dituzte.

Batxilergoko lehen mailako ikasleen euskal zein erdal argudio-testuak xehetasun osoz aztertu dituzte. Jadanik idatziak zeuden testu akademikoetako hizkuntza-gaitasuna (zuzentasuna, ortografia, ortotipografia), testu-ekoizpena (koherentzia, puntuazioa), adierazpide-aberastasuna eta komunikagarritasuna izan dituzte aztergai. Hartu duten laginari dagokionez, zabala izan da: Gipuzkoako 12 ikastetxetako 290 lanetan (180 euskaraz eta 110 gaztelaniaz) oinarritu dira.

Aurretik beste ikertzaile batzuek egin dituzten lanekin alderatuta, ikerketa hau haratago joan da. Ikuspegi osoa izan dute aztergai: testua komunikazio-unitate oso moduan hartzeaz gain, testuen komunikagarritasuna osatzen duten osagaiak, atalka, analisirako abiapuntu hartu dituzte. Testuak aztertzeko Pérez Gazteluk eta Zulaika Ijurkok propio sortu eta erabili dituzten fitxak eranskin gisa daude lanean.

Ikerketaren ondorioak azaldu eta gogoeta akademikoa egin dute bi egileek. Ikerketa hasieran egin ziren galderari erantzuna ematea lortu dute: Gipuzkoako gazteen erdien baino gehiagoren eskola-testuak egoki eta zuzentasunez idatziak daude, bai euskaraz bai gaztelaniaz. Ikertu dituzten lanen %60 ontzat eman dituzte. Hortaz, oro har, egileendako «ikasleek duten maila ez da pentsatzen den bezain txarra». Izan ere, esaterako ortografian hutsak egon diren arren, ez du esan nahi testu bat komunikagarria ez denik.

Ortografiaz aparte, ikertzaileek diote alderdi ahulenak testuaren antolaketari (pasarteen egitura, ideien lotura…) eta adierazpen-aberastasunari dagozkienak direla. Akats horien arrazoi nagusietariko bat ikasleak gazteak izatea eta, horrenbestez, salbuespenak salbuespen, maiz ez irakurtzea da. Izan ere, gauza jakina da idatziz eta irakurriz ikasten dela idazten.

Edozeinek atera diezaioke etekina liburu honi: irakasle, kazetari, testu-zuzentzaile eta oro har hizkuntza idatziaz ardura duenak. Hortaz, gipuzkoar gazteak idatziz zer moduz komunikatzen diren jakin nahi duenak badaki zein liburura jo behar duen.

Pérez Gaztelu, E. eta Zulaika Ijurko, E. (2012): Idatziz komunikatu. Gazteak eskolan idazten. Deusto Digital: Donostia.

Paperezko euskarria: ISBN: 978-84-9830-355-1. Euskarri digitala. ISBN: 978-84-9830-413-8.

 

Liburuari buruz sarrera gehiago

 

Ainhoa Anduaga 5 publicaciones
Estudiante de Comunicación · [:es]Becaria para Infocom en 2012-2013[:eu]Infocomerako bekaduna 2012-2013an