Banatu berri dira aurtengo Argia Sariak eta Irratikoa ez da urrutira joan: Donostiako campuseko irakasle den Asier Leozen eskuetan erori da. Berorrek gidatzen duen Euskadi Irratiko Portobello saioa saritu dute, musika zaletuentzat erreferentziazko saioa delako, besteak beste. Komunikazioko Graduan «Irratiko mezuak ekoiztea» irakasten du Leozek, Arantza Kalzadarekin batera. Galdera batzuei erantzuteko tartea eskaini digu.
Epaimahaiaren hitzetan, saioan eskaintzen duzun musika hautatzeko aparteko gustua erakusteagatik, besteak beste, izan da Portobello saritua. Zer sentitzen da hori entzutean?
Poztasun handia, noski, eta ez nuen sinesten. Errekonozimendu izugarria izan da. Nolabait baloratua ikusi dut orain arte egin dudan bidea irratian, eta Argia bezalako publikazio batek errekonozimendu hori ematea esker onekoa da, bai.
Ze leku du musikak zure egunerokoan?
Nire ezaugarrietako bat memoria da: memoria handia daukat, eta nire bizitzako zenbait oroimen eta momentu klabe musikarekin lotzen ditut. Musikazalea naiz txiki-txikitatik; ondoren, denborarekin, irratirako zaletasuna nuela ohartu nintzen. Hasieran niretzat irratia musika jartzeko modua zen. Gero, musika bilakatu zen irratiaren elementu nagusietako bat. Irratia eta musika, biak oso garrantzitsuak dira niretzat, hortik nire zentzumen maitatuena entzumena izatea. Nahiz eta beti, 20 urtetan, musikarekin lotutako lanak egin, nik neure burua prest ikusten dut beste irrati klase bat egiteko, informatiboak esaterako.
Etxetik egiten duzu saioa. Nola moldatzen zara?
Unibertsitatean hasi nintzen momentuan bateraezintasun bat zegoen kontratu aldetik. Etxean egiteko aukera nuenez, inbertsio ez oso handia egin nuen. Azken finean, irratia egiteko behar den materiala geroz eta gutxiago da, eta benetan irratian balio duena ez da teknikoa. Lan teknikoa ia edozeinek egin dezake. Hori bai, asko eskertzen diot Gaztean pasatako urteei, bertan autokontrola egiten ikasi nuen eta.
Portobello izena, zergatik?
Londreseko merkatuarengatik, besterik gabe. Erreferente da niretzat merkatu hori eta plazaren ideia gustatu zitzaidan, musika zaleentzat topagunea den hori. Garai batean jaialdiak egiten ziren, aisialdiarekin baino kulturarekin lotutakoak.
Gaur egun irratigintza asko aldatu da. Orain ez du balio esateak: «Londresen izan naiz, hemen inork ez dituen disko batzuk ekarri ditut handik eta zuei jarriko dizkizuet». Hori lehen egiten zen. Orain ez dago Portobelloko merkatura joan beharrik. Bukatu da. Jendeak musika hain eskuragarri duenean hautaketa lanak zentzu eta pisu handiagoa du. Neurri batean irratsaio musikalaren ekoizleak DJ lanarekin zerikusia du: biak dira komunikazio ariketak.
Irratiaren erronka handienetariko bat da nola erakarri batez ere publiko gaztea. Ados? Musika elementu erakargarria dela ikusten duzu?
Egia da musikak askotan, beti ez, entzulea harrapatzen duela eta konexioa lortzeko oso lagungarria dela. Baina ez da gazteentzat bakarrik: 30-40 urtetik aurrerakoek ere musika bizi dute. Hori bai, badago musika asko sentiarazten duena eta baita hain beste bizi ez duena. Gazteengana baino entzuleengana iristeko elementua da.
Irratiak duena da ez dakizula zehatz zein den zure publikoa. Haiek zu ikusten ez zaituen bezala, zuk ere haiek ez dituzu ikusten. Ez dakizu zein dagoen hor. Beti pentsatu behar da badagoela norbait. Musika elementu erakrgarri gisa alde batera utzita, irratiak fikzioa behar du, irrati nobelak esaterako.
Astean hirutan Portobello gidatzeaz gain, Donostiako campuseko irakaslea zara. Nola uztartzen dituzu bi lanak?
Aldeak daude bi lanen artean baina ez dira hain ezberdinak. Osagarriak dira. Ez nuke nahi utzi ez bata ez bestea. Irratiko irakasle bezala niri ere komeni zait irratigintza zer den presente edukitzea. Gainera, esan dezakegu ikasleek lehen eskuko informazioa jasotzen dutela irrati esatari bat irakasle bezala izanda.
Gisa honetako sariak pozgarriak dira kazetari ororentzat, baina Leozentzako oparirik onena da gauero entzuleek bere programa jarraitzen dutela jakitea. «Poza-dosi txikiak, berez intentsitate oso handikoak, dira horiek», dio. Ez izan zalantzarik eta egiaztatu Argiako Sariko epaimahaiak erabilitako argudioak: Leozek musika hautatzeko duen gustuaz gozatu nahi baduzue, sintonizatu Euskadi Irratia asteartetik ostegunera, 22.00etatik 23.00etara.