Barrearen bila dabilenak aurkituko du azaroaren 10ean, Antzoki Zaharrean. Izan ere, Barrexerkak ikuskizun berria egingo du, 19:00etan. Maialen Sorzabalbere (Antigua, 1996) Barrexerkako kidea da, eta ikuskizuna jendearentzako «ihesbide» bat izateko gogoa adierazi du. «Umorea egiteko formula berri bat» ere erabiliko dute.
Ondo bidean, asteartean, azaroaren 10ean, Antzoki Zaharrean izango zarete Barrexerkakoak. Zer ikusiko dugu bertan?
Hau martxoan estreinatzekoa zen emanaldi berri bat da. Aurreko bi urteetan lau emanaldi egin ditugu, eta herriz herri ere ibili gara. Emanaldi hau Donostiara itzultzeko emanaldia zen: antzerki berriak, bakarrizketa berriak eta esketx berriak izango ditugu. Esketxak egiterako orduan argi izan dugu ez dugula pandemiari buruzkorik egingo. Nahikoa dago kanpoan, eta jendea etorri dadila antzokira deskonektatzera eta gozatzera.
Zein berrikuntza izango ditu ikuskizunak, eta aurreko emanaldietako zer mantendu duzue?
Beti dago bat esketxa mantendu dugu, eta gero beti bezain absurdoa zen esketxen bat dago: bakoitzak identifika dezala esketx hori! Antzerkietako batean, adibidez, umorea egiteko formula berri bat erabili dugu.
Barkatu eragozpenak du izena ikuskizunak. COVID-19a eragozpena izan da zuentzat?
Bai, estreinaldi honetaz gain beste hiruzpalau emanaldi lotuta genituen herrietan, eta Donostian gehiago lotu behar genituen. Baina egoera dela eta, ezer ez. Eragozpena izan da ere gu elkartzeko, entseatzeko, grabatzeko… Emanaldi hau ez dakit egin ahalko dugun, baina egiten bada, oso berezia izango da atzean egon den inplikazio guztiarengatik. Barrexerka pila bat indartu da egoera honetan: talde bat gara inoiz baino gehiago.
Azaroaren 10ekoaz gain, beste emankizunik izango da?
Abenduan egingo dugu Astigarragan (Gipuzkoa), eta Arbizun (Gipuzkoa) ere izango gara. Eta udaberrian berriro Donostian izango gara, Gazteszenan, beste emanaldi berri batekin.
Barrexerkako kideak gazteak, euskaldunak eta donostiarrak zarete. Zuen umorea Donostiako gazte euskaldunentzat da edo haratago doa?
Denetarik dago. Esketx eta antzerki batzuetan pentsatu izan dugu soilik donostiarrek ulertuko zituztela. Markinar bat dugu, eta harekin pasatzen dugu galbahea.
Garrantzia du barre egiteak?
Bai, eta orain inoiz baino gehiago. Ikusten dut ezartzen diren neurri guztiak lana egitera bideratuta daudela, eta jendeak deskonektatu behar du. Buruko osasunarengatik, jendeak kirola egin behar du, kultura kontsumitu behar du… Hori ez da baloratzen, eta kultura kristoren ihesbidea da: kontzertu bat entzutea, antzerki bat ikustea, zinemara joatea… Nire ustez, gaur egun funtsezkoa da ihes egiteko. Bestela nekez egingo dugu aurrera. Ezinbesteko jarduera kontsideratu beharko litzateke.
Barrearen bila dabilenak, aurkituko du zuen emanaldian?
Bai! Nik uste dut oraingo emanaldira jendea barre egiteko inoiz baino gogo handiagoarekin joango dela.