Sarean ‘egiak’ ez du irauten

Ícaro Moyano, Tuentiren komunikazio arduraduna
Ícaro Moyano, Tuentiren komunikazio arduraduna

Gizakiak betidanik izan du egiaren topaketa jomuga eta helburu. Sare sozialen ingurukoak ezagutu asmoz, 100 pertsona inguru bildu ziren atzo, 16:30etan puntuan. Donostiako Campuseko Loiola Centrum eraikinean izan zen zita; Ícaro Moyano Díaz, Tuenti sare sozialeko komunikazioko zuzendaria berriz, egiaren jabea. Edo hala uste zuten behintzat bertaratuek. “Egiak Interneten, ezer gutxi irauten du, aldatu egiten da zorionez”. Hori jasotako erantzuna.

“Eta horrela bizitzen gera sortuz ta sortuz gure aukera atsedenik hartu gabe: lana eginaz goaz aurrera kate horretan denok batera gogorki loturik gaude”. Honela idatzi zuen behin zendu berri den Xabier Letek bizitza, giza harremanak eta horrek naturarekin dituenak hizpide zituela. Garaiak aldatzen dira, eta horrekin bizitza edo bizitzeko modua. Egun, sekula baino azkarrago bizi gara eta horrela bizitzeko tresnak sortu dira. Edo tresna horiek sortu direlako bizi gara azkarrago? Dena dela, Moyanoren hitzetan, «munduan, gure inguruan, gertatzen dena segituan islatzen da Interneten». Gure errealitatearen ispilu, edo gordeleku bilakatu da. Zergatik? Nola? Erabiltzailea ikusle izatetik, sortzaile eta parte hartzaile izatera igaro delako. Interneten eboluzioak eta Web 2.0.ren sorrerak irekitako ateak mundu berri bat zabaldu du. Tartean giza harremanen zabalkundea, denok gogorki lotuz kate horri.

Espainiar Estatuan Internetek dituen 28 milioi erabiltzailetatik 20 sare sozialen erabiltzaileak dira. Hala ere, harremanetarako ez ezik, negozioak egin edo indartzeko ere baliabidea badela berretsi zuen Ícaro Moyanok. Azken finean arrakastaren sekretua gomendioetan dagoela zeritzon, hau da, jendeak, ahoz aho, zabaltzen dituen gomendioetan. Eta horretan sare sozialak, erraztasun handiak ematen ditu. Baina esan bezala, mundu edo galaxia horretan ‘egiek’ gutxi irauten dute, eta egi berriak edo etorkizuna nolakoa izango den galdetuz gero, bero kristalezko bolan, bideo eta sakelako gailuetara zuzendua dagoela pentsatzen du.

Bidenabar, pertsonen identitatea gordetzea eta babestea dela erronkarik edo betebeharrik garrantzizkoena uste du Tuentiko komunikazio zuzendariak. Izan ere, «erabiltzaileak eroso sentitu behar du, eta aurkitzen duena ona bada», bere ustez, «jarrera ere positiboa izango da». Ildo horretatik jarraituz, beraiek eskaintzen duten hizkuntza txikien (euskara, katalanera eta gailegoa) erabilera errentagarriak diren galdetuta, baiezkoan da bera, bai ekonomikoki eta bai erabileraren aldetik. Batetik diru sarrerak ekarri dituelako eta bestetik, nahiz eta txikia izan erabiltzaile kopurua, horiek, gustura sentitzea eta erabiltzea bermatzen duelako.

Ordu beteko hitzaldiaren ostean, solasaldian, bertaratu ziren ikasleei, geroz eta zailagoa dagoen merkatu batean, komunikazioarenean, ez daitezen haragirik merkeena izan eskatu zien, hau da, ez ditzatela esku lan merkeena izateagatik kontratatu, baizik eta beraien kalitategatik.

Aitor Zabaleta

Infocom Editore Taldea 13 publicaciones

1 Comment

1 Trackback / Pingback

  1. Tweets that mention Sarean ‘egiak’ ez du irauten ‹ Estudios en Comunicación -- Topsy.com

Comments are closed.