«HDEH2023: Adimen Artifiziala Auzitan«jardunaldia egingo da ekainaren 20an, Errenterian. Badalab-ek, Errenteriako Udalak eta UEUk antolatu dute elkarlanean, eta hiru ardatz tematikoren inguruan (kazetaritza, hezkuntza eta arte-sorkuntza) teknologia hauen eta hauen inguruko diskurtsoen aldeko eta aurkako arrazoiak ezagutu, aletu eta eztabaidatuko dira. «Adimen Artifiziala eta kazetaritza» mahai-inguruan parte hartuko du Miren Berasategi Zeberiok (Donostia, 1982). Berasategi, Giza Zientziak eta Komunikazioan lizentziatua da eta Komunikazioan doktorea. Deustuko Unibertsitatean ikertzailea da eta irakaslea Komunikazioko Graduan.
Adimen Artifiziala begirada desberdinetatik aztertuko da jardunaldian. Zure kasuan kazetaritzaren esparrutik.
Bai. Ezer baino lehen komeni da zehaztea zeri buruz ari garen. “Adimen artifiziala” terminoa erabiltzen dugunean, nolabait ikuspegi antropomorfikoa ematen diogu algoritmo bati, eta giza adimenaren elementuak esleitzen dizkiegu, oso kontziente izan gabe, ChatGPT bezalako hizkuntza-eredu handiei: pentsatzen dugu gai direla ulermenerako, esanahiekin aritzeko edo, termino linguistikoetan, adierazlea adierazitik bereizteko. Eta ez, hizkuntza-ereduak dira, iturburuko datu-base handietan oinarrituta hitz baten ondoren beste zein etor daitekeen proposatu besterik egiten ez dutenak. Emaitza ikusgarriak lor ditzakete horrekin, ez dut nik ukatuko. Baina hortik ulermenera edo esanahiak erabiltzera jauzi kualitatibo bat dago, entrenamendurako datu-iturriak infinituraino handitzeak ere eragingo ez duena.
Zer aukera eskaintzen ditu Adimen Artifizialak kazetaritzan?
Adibide bat jartzearren, kazetaritzak badarama denbora bat automatizazioarekin esperimentatzen: datu egituratu batzuetatik albisteak sortzea (kirol-emaitzak adibidez, edo hauteskundeetako emaitzak) erlatiboki erraz automatizatu daitekeen ataza da, eta hizkuntza-ereduak lagungarri izan daitezke horretan. Baina akatsak ere egin ditzakete, eta beraz ezin da kazetari profesionalen gainbegiratzea eta esku-hartzea alde batera utzi.
… eta zer arrisku?
Partekatzen ditu arrisku batzuk hezkuntzarekin, adibidez, plagioaren eta egile-eskubideen aldetik. Kazetaritzaren kasuan, gainera, eta haren funtzioari erreparatzen badiogu, ezin dugu ahaztu hizkuntza-eredu hauek tresna probabilistikoak direla, entrenamendurako datuetan oinarrituta hitz baten ondoren probableena zein izan litekeen emateko daudela diseinatuta, eta ez interpretazioak egin edo edonolako esanahiekin aritzeko. Hizkuntza-eredu hauek ez dute gaitasunik sortzen duten edukia errealitatearekin kontrastatzeko, eta, beraz, desinformazio-iturri garrantzitsu bihur daitezke, gainbegiratze zorrotz bat ezartzen ez bada. Baina iruditzen zait une honetan arriskurik handiena dela, kazetaritzaren esparruan bereziki, desaktibatu dizkigula kazetaritzak berezkoak behar dituen alderdi interesatuek emandako informazioa egiaztatzeko sena, botereari kontuak eskatzeko borondatea. Eraiki dugun ChatGPT-ren irudia haren sortzaileek helarazi digutena da hein oso handi batean, haiek sorrarazi nahi izan diguten lilurak harrapatu gaitu. Eta lilura horren menpe, ezinezkoa da kazetaritzak bere funtzio soziala betetzea, gizarteari erabaki autonomoak hartu ahal izan ditzan behar duen informazioa helaraztea, hain zuzen.
Zer da auziaren aurrean kazetaritzak hartu behar duen bidea? Erantzun bateraturik badago?
Ez dut sumatu erantzun bateraturik, esango nuke batez ere lilura islatzen ari dela gehienbat, baina badira OpenAI-ren marketin-estrategiatik haratago doazen azterketa sakonagorako saiakerak ere. Uste dut kazetaritzak tresnaren gaitasunekiko liluraren eta etorkizuneko arrisku apokaliptikoen arteko txundidura gainditu beharra duela, eta gogoan hartu zein den bere funtzioa. Testuinguru zehatz honetan, esango nuke kazetaritzari eskatu behar geniokeena dela behatzea, besteren artean, horrelako tresnek dituzten mugak (ikuskera sexistak edo arrazistak erreproduzitzen dituztelako gehiegitan) eta dagoeneko eragiten dituzten arazoak (eskatzen duten baliabide kopurua eta horrek ingurumenean duen eragina, edo hegoalde globaleko langileen esplotazioa), azken batean.
Zer da jardunaldiarekin lortu nahiko zenukeena?
Bilatuko dut «adimen artifiziala» deitzen diegun horiek ahalik eta ondoen ulertzea komeni zaigula adieraztea, ikuskera antropomorfikoak ez baitigu eskaintzen haien ulermen zehatz bat; adituen iritziz, mozorrotuta datozkigun marketin-estrategiek sortzen diguten lilura eta izu apokaliptikoa gainditzea; eta, azkenik, horretan guztian kazetaritzak joka dezakeen papera aldarrikatzea.