[:eu]Gogoz esandakoak, garbi botatakoak

Ezinegona eta egonezina. Osloko zubi amaigabe batean, arratsa dela dirudi, zerua gorrixka baitago. Irudiaren lehen planoa hartzen du berak, zutik. Atzean duen bikotea gizartearen ikurra dela dirudi. Bai itsasoa eta bai zerua pintzelkada iheskor indartsuek osatzen dute, lodiak eta azkarrak dira, askatasun oso baten emaitza. Protagonistak beldurra du eta ez dirudi bizitzari zentzua hartzen dionik; etsipena eta larritasuna dira haren aurpegian nabari. Apika, horregatik irudia iluna da berez, artistaren umorearen baitan baitaude hark erabakitako koloreak –biziak beti, bata bestearen osagarri–. Beldurra dio bakarrik egoteari, sentitzeari, bakardadeari berari, eta ingurua zurrunbilo batez ispilatzen du, marra makurren baitan. Bera dago zurrunbiloaren erdian, zeru gorrixkaren azpiko itsaso urdin eta berdetik ihesi; edo esperoan, batek daki…

Ustezko errealitatea irudikatzen du hark, subjektiboa, ez baitu-eta bestelakorik ezagutu; halakoxea da haren joera: ezkor eta debekatua. Irudi horrek eta beste hainbatek egin dute bera ezagun, eta espresionismo mugimendu iraultzailearen aitzindari. Zalantzan jartzen du guztia, bai artea eta bai bizia.

Ikara dio iraganari, baita etorkizunari ere, beharbada, etorkizuna inoiz iragan bilakatuko delako. Edo alderantziz; iragana noizbait etorkizun izan delako. Berdin dio, kontua da ezinesanak eta esanezinak esaten dituela Munchek. Eta neurri handi batean, ulertzen zaio, jakin badakielako zer esan nahi duen. Bizitzaren zama da kanporatu nahi duena. Eta kanporatzen du; lortzen du, amorruak jota bada ere. Xedea hori du, gizarteri komunikatu XX. mendeko estilo eta joera artistiko askoren artean, originaltasuna oraindik ere existitzen dela. Gogo handiz esandako mezuak, egoki komunikatuak, ongi heltzen dira belaunaldiz belaunaldi. Esan nahi den mezuaren atzean egon behar du egiazko ezer, bestela mezua ez da sinesgarria, hutsala baizik.

Munchek eskuak aurpegian jarrita irudikatu du, aho eta begi irekiekin; oihu bat entzuten ari da, edo… bera al da munduari oihukatzen ari zaiona?

Edvard Munch, "Skirk" (1893)
Skirk (1983), by Edvard Munch, from WebMuseum at ibiblioPage
Miriam Arandia 55 publicaciones
Estudiante de Comunicación · [:es]Becaria para Infocom en 2014[:eu]Infocomerako bekaduna 2014an