Espezializazioaren aldeko aldarria egin du Torquemadak

Beltz. Ilun. Ezegonkor. Ez, ez da eguraldiaren aurreikuspena edo gaur goizean ohetik jaikitzean leihotik gehienek zeruan topatu dutena. Ez. Baina gaurko eguraldiak bazuen, Jesús Torquemadaren hitzetan bederen, egungo komunikatzaile edo kazetarien lan munduarekin antzekotasunik.

Garbi, zuzen eta itzulipurdi gabe, horrela mintzatu ohi da egunero Radio Euskadin eta hala egin zuen atzo ere profesionalen zikloaren eskutik gurean. Nazio arteko gaietan aditua izaki, egungo egoeren inguruan analisi bizkor eta garbi bat egin zien bertaratuei, baina ez soilik mundu arabiarrean gertatzen ari diren mugimenduen inguruan, analisirik sakonena, egungo lan munduaren ildoan etorri zen. Izan ere, etorkizuneko profesionalak bertan baitzeuden.

Jesús Torquemada atzoko hitzaldian
Jesús Torquemada atzoko hitzaldian

Espezializazioa izan zuen aldarri 56 urteko donostiar honek. Hori izan behar dutela xenda adierazi nahi izan zien ikasleei. Aukeratzeko gai bat gustuko dutena eta espezializatzeko, lanera joan eta zer egiten dakiten galdetzen dietenean “denetik piska bat, esan ez dezazuen, horrek ezer egiten ez dakizuela esan nahi baitu”.

Bide horretan, helmugara iritsi ahal izateko, hainbat gomendio eman zituen eta orotariko adibide eta esperientziekin sendotu zuen esandakoa, noranzko zuzena zein den ahantzi ez dezaten. Artxibo on bat osatzea eta beti zentzua eta zuhurtasunez jokatzeko eskatu zien. “Zerbaiti buruz ez dakizunean hobe da isiltzea”. Eginkizun horretan, Internetek gauzak asko erraztu dituela irizten badu ere, aldi berean zaildu ere egin dituela aitortzen zuen; informazio kantitatea geroz eta handiagoa delako eta iturriak askotan ez direlako ezagunak. Horregatik, beti zuhurtziaz jokatzeko behin eta berriz azpimarratu nahi izan zien bertaratuei, iturri bat ezagutzen ez denean eta zerbaiti buruz ez dakigunean.

Amaitzeko, ikasle baten galderari erantzun asmoz, egungo informazioaren maila, bere aburuz bederen, geroz eta baxuagoa dela adierazi zuen. Horren zantzu nagusiak geroz eta gehiago gertakarietan oinarritzen direla informatiboak, “katxondeoan”, eta garrantzirik ez duten gertakariei egunduko pisua ematen zaiela beste asko alde batera utziz berretsi zuen.

Hala ere, beti dagoela egun ilunetan esperantzara printzaren bat gogorarazi nahi izan zien. Laino marduletan barrena, beti zabaltzen baitu bidea eguzkiak, argituaz ilun dagoena.

Infocom Editore Taldea 13 publicaciones

1 Comment

  1. Esan zuenaren laburpen egokia, nahiz eta Assangeren kontu pertsonalak falta diren…

    pd. errata txiki bat: “denetik pSika bat,(…)»

Comments are closed.