[:eu]Ikerketa eta euskara (eta Deustuko Unibertsitatea)

Litezkeenetatik, ikerketa eta euskara falta izatea albo batera utzita, bi elementu horien artean hiru konbinazio mota era daitezke, ikertzaileak euskara zertarako erabiltzen duen; euskara ikergai duen, edo/eta euskara adierazteko tresna duen. Lehen konbinazioa euskara erdaraz ikertzeari dagokio, bigarrena euskara euskaraz ikertzeari eta hirugarrena, baina niretzat interesgarriena, edozein ikergai euskaraz ikertu eta argitaratzeari.

Saia gaitezen arrasto gutxitan marrazten Deustuko Unibertsitatean konbinazio horiek zer bide egin duten, egiten ari diren eta, batek daki!, egingo duten.

Lehen konbinazioa hartuta eta pittin batean atzera eginda, ohartuko gara, kanpoan bezalaxe, unibertsitate honetan ere hasieran euskarari buruzko ikerketa batez ere gaztelaniaz egiten zela. Orain eta hemen poz-pozik egongo litzatekeen Patxi Altuna gure Euskal Filologiaren aita eta maisuak ez al zuen bada, Bernard Etxepareren gaineko doktore tesia gaztelaniaz egin? Deustutik kanpora, baina ez oso kanpora joanda, Koldo Mitxelena Luis Michelenaren itxuran, ch eta guzti, agertu zitzaigun maiz literatura zeintifikoan, hain zuzen, euskararen azterketa zientifikoaren oinarriak jartzean.

Ingelesak hartu du gerora, neurri batean bederen, gaztelaniak zuen lekua: aspaldi samarretik hasita (1989koa da Ortiz de Urbinaren Parameters in the Grammar of Basque) euskarari buruz gero eta ikerketa gehiago egiten dira ingelesez Deustuko Unibertsitatean. Jon Ortiz de Urbinaren ondoan, Estibalitz Amorrortu, Joseba Abaitua eta beste aipatu beharko lirateke.

Ahotan hartu ditugun Altuna azpeitiarrak eta aurten 100 urte beteko zituen Mitxelena errenteriarrak, erdaraz ez ezik euskaraz ere ikertu zuten euskararen gainean. Zehaztu dugun bigarren konbinazioa. Euskaraz ikertzeak, demagun doktore tesi bat hasi eta buka euskaraz egiteak hizkuntza-eskakizun batzuk ere baditu: doktoregaiaren gaitasunak, zuzendariarenak, epaimahaikideenak… Seguruenik, horregatik, euskaraz ikertzea, unibertsitate honetan ere, batik bat Euskal Filologiak ekarri zuen. Euskarazko doktore tesi askotxo jakintza arlo horretakoak dira.

Aipatu bi konbinazioon araberako ikerlanen ondoan, hirugarren bat bada, interesgarriagoa eta egun oraingoz hutsegi dagoena: euskara ikergai izan gabe, ikerketa egiteko eta adierazteko tresna izatearena. Ildo honetan iraganbidean aipatzekoa da Jone Goirigolzarri Garaizarrek aurkeztu berri duen doktore tesia: Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi politikoen hizkuntza politikak eta hizkuntza ideologiak 1980-2012: Eusko Legebiltzarreko hauteskunde programen azterketa. (2015). Bistan da euskararekin baduela zerikusia, euskararen estatusa tartean da, baina helburua ez da euskararen corpusa bera ikertzea. Nolabait esan, bigarren konbinaziotik hirugarrenerako bidean du kokalekua.

Mitxelenaren euskara “noranahiko” egitearen adibide argiena litzateke, hain zuzen, hirugarren konbinazioa, Lizardiren modura esanez, euskara edozein “jakiteren hegoek igoa” gorpuztea; euskara ikerketa egiteko eta zabaltzeko adierazpide naturala, normala izatea, besteak beste, unibertsitate honetan Ekonomiaren, Zuzenbidearen, Komunikazioaren, Soziologiaren arloetan aleka bada ere, ikertzaileak egiten ari diren bezala.

Baina azken batean, zerk eraginda, zergatik hautatzen du ikertzaile batek euskara ikerkuntzan aritzeko, ikerlanak argitaratzeko, zabalkunderako?

Ikertzailearen hizkuntza-gaitasunak eragin dezake, jakina; ikertzaile guztiok erosoago sentitzen gara hizkuntza batean beste batean baino. Baina esan beharrik ez dago gaur egun ingelesa dela munduko parte handi batean aspaldi batean latina eta frantsesa izan ziren bezala, ikerketaren, ikertzaileen “lingua franca”, elkarrekin komunikatzeko bitartekoa, eta ingelesez komunikatu behar zaiola arloan arloko komunitate zientifikoari; ingelesez argitaratu behar dutela ikertzaileek bere lanei nolabaiteko balioespena emango badiete. Nolabait esan, euskara ez den erdararen batean, ingelesez, ikertu edo, gutxienez argitaratu beharrean gara.

Hots, hasieran eratu ditugun konbinazioetako lehena, zaharrena (“euskara erdaraz, ingelesez aztertu”) eta euskarak batere lekurik ez zuelako albo batera utzi dugun “euskara ez den beste edozein ikergai ingelesez aztertu” konbinazioa nagusitu dira inondik ere.

Eta, hala ere, ikertzaile batzuk, “setosoak” dira, gure modura esanda, euskaraz ere ikertzen eta ikerlanak euskaraz argitaratzen saiatzen dira.

—Tiende a escribir en euskera…

—No tiendo [corta categórica]. Es una opción política con consciencia de renuncia porque es de nuestras dos lenguas oficiales la que más ayuda necesita. Es una lengua que no se ha podido desarrollar en muchos ámbitos, por ejemplo el académico. Por eso la elegí para hacer mi tesis, aunque ello hiciera que muchos expertos no puedan acercarse a ella. Lourdes Oñederra, Diario de Noticias de Álava Domingo, 26 de Abril de 2015 

Lourdes Oñederra ikertzaile, unibertsitateko irakasle, idazle eta euskaltzain osoaren hitzok ezin egokiagoak dira bukaerara iristeko. Ikertzailearen esku dago, hein txiki batean bederen, hizkuntza-hautua. Hala da, baina ez erabat.

Ikertzailearen hautua bultzatzeko, sendotzeko… erakundeen, unibertsitateen laguntza ezinbestekoa da. Euskal Herriko unibertsitateek benetan nahi badute bere ikertzaileek euskaraz iker eta argitara dezaten ikertzaileei behar adinako babesa eman behar diete. Bi alderdiok elkar hartzea ezinutzizkoa da.

Gaurko ekitaldia urrats garrantzitsua da Deustuko Unibertsitateko euskal ikertzaileontzat. Nahi litzateke UEUrekiko hitzarmena akuilu berebizikoa izatea euskaraz ikertu eta argitaratu nahi dutenentzat. Hala nahi eta hala espero.

Elixabete Perez Gaztelu 14 publicaciones
Profesora · Euskal Gaien Institutuko Zuzendaria
ELIXABETE PÉREZ GAZTELU es licenciada y doctora en Filología Vasca por la Universidad de Deusto. Actualmente es profesora titular en la Universidad de Deusto. Imparte docencia en los campus de Donostia-San Sebastián y Bilbao. Su actividad docente se concentra en el grado de Comunicación y en los de Lenguas modernas y Lengua y Cultura vasca. Imparte las siguientes asignaturas, Teoría de la Información y de la Comunicación I (euskera), Elaboración y producción de mensajes para prensa escrita (euskera), Taller de Comunicación oral (euskera), Trabajo Fin de grado (euskera y castellano) y Escritura académica (euskera). Sus publicaciones tratan principalmente de competencias comunicativas y uso de la lengua en la comunicación. En los últimos años ha estado trabajando en competencia de comunicación escrita en jóvenes vascos. Pertenece al equipo de investigación Comunicación, reconocido como equipo de tipo B por el Gobierno Vasco. Otras áreas de interés investigador son TIC y uso de la lengua en la comunicación escrita y oral. Uso de la lengua en los medios de comunicación vascos.

2 Comments

  1. Ikerlariari sortzen zaion gain lan karga errazteko, Unibertsitate bakoitzak kudeatu eta jaso beharko luke beste hizkuntz batera eramateko behar den finantzaketa euskaraz egiten diren ikerketa guztientzako.

  2. Mila esker Elixabete:

    IXAkoek egin zidaten txio hau kopiatzen dizut baliagarria izan daitekelakoan:

    Ixa Group (28 Apr 2015). ‏@IxaGroup retweeted Joseba Abaitua: We have to update the table of Basque computational Syntax! Abaitua 88 -> 85, Zorionak :-)
    http://www.unibertsitatea.net/blogak/ixa/2014/12/16/tesia-estaldura-zabaleko-euskararako-analizatzaile-sintaktiko-estatistikoa-kepa-bengoetxea-2014-12-16/
    https://twitter.com/IxaGroup/status/593000240548032512

    Ixa Group added, Joseba Abaitua @kavango (28 Apr 2015).
    30 years of ‘An LFG parser for Basque’ (Abaitua 1985)
    cc @Langune @IxaGroup @DeustoResearch
    http://books.google.es/books/about/An_LFG_parser_for_basque.html?id=pxReMwEACAAJ

1 Trackback / Pingback

  1. (EU) Euskararen sustapena oinarri, hitzarmena – Infocom

Comments are closed.