COP26

Justizia klimatikoa aldarrikatu dute milaka lagunek Glasgown

Gaur arteko protesta handiena izan da COP26 biltzarrean. 100.000 pertsona baino gehiago elkartu dira. Klima larrialdiari aurre egiteko sistema aldatu behar dela ohartarazi dute

Este contenido ha sido publicado por Berria y lo republicamos aquí gracias a su licencia CC by-nc-nd.
Cartel de cartón que dice "There is NO Planet B"
Photo by Markus Spiske on Unsplash

Eguraldi txarra ez zen oztopo izan 100.000 pertsona baino gehiagok Glasgowko (Eskozia) kaleak hartzeko. COP26 Coalition mugimendu deszentralizatuak deituta, 11:30ean bildu ziren Kelvingrove parkean manifestariak. Injustiziaren aroa amaitu da: Gure garaia iritsi da lelopean, hainbat herrialdetako mugimenduak batzartu ziren «justizia klimatikoa» aldarrikatzeko. Besteak beste, indigenak, sindikatuak, gazteak, nekazariak eta mugimendu feministak bildu ziren, eta denek bat egin zuten «sistema aldatzeko» beharraren inguruan.

Joan den igandetik azaroaren 12ra arte, 190 buruzagi baino gehiago elkartuko dira Glasgown, klima aldaketaren eragina murrizteko asmoz. COP26 izena jarri diote, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak antolatu du. Hain justu, goi bilera horri kritika egiteko egin zen atzo mobilizazio jendetsua. 11:30ean batzartu baziren ere, manifestariak 13:00etan hasi ziren mugitzen Glasgow Green-era, Eskoziako hiriko errepideak hartuz. Hainbat eta hainbat kartel zein pankarta ikus zitezkeen. Hala nola «Orain ala inoiz ez», «Planeta bakarra dugu» eta «Alerta gorria». Pankartak ez ezik, jendearen harrabotsa ere entzun zitekeen Glasgowko kaleetan. Errepikatuena hau izan zen: «Zer nahi dugu? Justizia klimatikoa. Noiz nahi dugu? Orain».

Eskoziako hirian ez ezik, COP26 Coalition mugimenduak mundu osoan 300 mobilizazio baino gehiago antolatu zituen. 119 Erresuma Batuan izan baziren ere, Taiwanen, Brasilen, Argentinan eta Frantzian ere mobilizazioak egin zituzten.

Ikuspuntu ezberdinetatik

Bildutako mugimendu guztiek justizia klimatikoa aldarrikatzen bazuten ere, bakoitzak ikuspuntu batetik heldu zion gaiari. Marie Christina Kolo Feminist Climate Change mugimenduko aktibistak ikuspegi feminista batetik hausnartu zuen klima larrialdiaren eraginaz. Kolo Madagaskarretik iritsi da Glasgowra, eta COP26 goi bileran parte hartzen ari da, haren herrialdea ordezkatuz.

Ekintzaileak adierazi zuen jendeak ez dakiela zer-nolako eragina duen klima larrialdiak emakumeen eskubideetan, eta Madagaskarko emakumeen adibidea jarri zuen: «Nire herrialdean lehorteak ohikoak dira, eta lehorte horien lehenengo biktimak emakumeak dira. Kilometro asko egin behar dituzte ur bila joateko, eta, nahiz eta nekatuta iritsi, ez dira izaten edaten lehenak». Alabaina, «gizarte patriarkal» batean bizi direla gaineratu zuen, eta emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdintasunak «areagotzen» dituela klima larrialdiak.

Era berean, COP 26 goi bileran agintariek jokatzen duten rolaz galdetuta, aitortu zuen «azken aukera» dela arazoari heltzeko: «Madagaskarren, 1,5 milioi pertsona gosez daude klima aldaketaren eragin zuzenagatik, eta COP26 hau bide bat da gobernuak ohartarazteko». Hala ere, aitortu zuen agintariek ez dietela entzuten: «Ez dugu ahotsik COP26 biltzarrean. Herrialde garatuek agintzen dute, haiek dutelako dirua. Baina horretarako etorri gara; sistema honen aurka borrokatzeko. Goi bileran ez bada, behintzat kalean entzungo gaituzte».

Garabidean diren herrialdeak hizpide, Rebecca Wook Quakers in Britain mugimenduko ekintzaileak beste arazo bat jarri zuen mahai gainean: «Zer gertatzen da klima aldaketaren eraginez kalteak jasan dituzten komunitateekin?». Wookek adierazi zuen arazo hori ez dela asko eztabaidatu COP26 goi bileran: «Milaka milioi euro behar dira arazoari irtenbidea emateko, baina, orain, agintariak ez daude prest finantzaketaren nondik norakoez hitz egiteko». Gaineratu zuen ez dela diru kontua bakarrik: «Komunitateen kultura, historia eta bizitzeko modua ere jokoan daude».

Arazo horri irtenbidea eman nahian, Eskoziako Gobernua izan da lehena pauso bat ematen: milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu kalteak finantzatzeko. Quakers in Britain mugimenduko ekintzaileak adierazi zuen «pozgarria» dela berria, baina ez dela «nahikoa». Alabaina, espero du «hemendik aitzina» herrialde gehiagok laguntzak ematea.

Gazteen aldarria

Herenegun gazteak izan ziren protagonistak Fridays For Future mugimenduak antolatu zuen manifestazioan, baina atzo ere presente egon ziren. Eline Bouillon Belgikatik Glasgowra etorri diren Comac Students mugimenduko 200 ikasleetako bat da. Sabrina Martinez ?izen asmatua?, Friends of the Earth International mugimenduko aktibista. Bouillonek azpimarratu zuen multinazionalek gutxieneko batzuk «errespetatu» behar dituztela karbono isurketei dagokienez. «Gure etorkizuna jokoan dago, eta gure ametsak zein proiektuak gauzatu nahi ditugu», gaineratu zuen Belgikako ikasleak.

Martinezek, berriz, sistema kapitalistan ikusten du arazoa: «Edozein galdera egiten dela klima aldaketaren inguruan, sistema aldaketan jarri behar da arreta». Beraz, sistema kapitalista «irauli» behar dela uste du. COP26 goi bileran agintariak hartzen ari diren erabakiez galdetuta, biek bat egin zuten. «Erantzun globalak elkartasunean oinarrituta» hartu behar dira, eta hartutako konpromisoak «bete».

Ali Ross Extinction Rebellioneko kideak ere gogor kritikatu zituen agintariak: «Ekintzak nahi ditugu, eta lehenbailehen. Legezko konpromisoak hartu behar dituzte». Horrez gain, adierazi zuen «hitz gehiegi» egin eta «konpromiso gutxi» hartzen dituztela.

Zuriñe Iglesias Sarasola 2 publicaciones
Estudiante de Derecho + Comunicación