Telebistako ilehori ezagunetarikoa, Komunikazioko ikasleek elkarrizketatuta

«Igande gauean» Argentinan dagoela ikusi… eta hurrengo egunean Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean. Astelehenean Julian Iantzi, telebistako aurpegi ezagunetariko bat, gurean egon zen. Arrazoia: Komunikazioko bigarren mailako ikasleek elkarrizketa bat egitea «Irratiko Mezuak Ekoiztea» ikasgaiaren barruan. Irratiko setean bertan egin zen solasaldia, eta ikasleak izan ziren elkarrizketa osoa gidatu zutenak, baita teknikari lanetan ibili zirenak ere.

Dinamikoa izan zen elkarrizketa eta gazteen artean gustura ibili zen. Gainera, elkarrizketaren nondik norakoak ezustekoan harrapatu zuen Iantzi. Sorpresaz beterik egon zen: bere anaia, Manu Maritxalar edota Andeka El Conquiseko lehiakideak parte hartu zuten. Espero ez zituen ezagunen hitzak entzuteak Iantzi harritzea lortu zuten ikasleek.

11 urteko ibilbide profesionalaren ostean, ETBko aurkezle frankizia bihurtu da. Hara eta hona ibili da, toki guztietan eta denetarik aurkezten: platoko lehiaketak eta reality showak dira gehien egin dituen lanak. Aniztasunak definitzen du Iantzi, eta esparru askotan ibili da; hain da «kamaleonikoa», prentsa arrosan ere aritu dela kate nazionalean. Baina telebistako pantailan azaldu aurretik, edonon lan egin zuela aitortu zuen.

Patagonian maiz dabilen kaliforniarra jaiotzez, lesakarra izatez, abenturazale hutsa da. Ezinegona da bere ezaugarrietako bat, eta onartu zuen geldi ez egote horrek bizitzan lorpen asko eskuratzera iritsi dela. Bitxikeriak kontatu zituen: estratosferan altuen (23000m) egon den euskalduna da, Aconcaguako (7000m) gailurrera heldu da, eta hautaproba pasatu ostean «chico Ana Rosa» aukeratu zuten, nahiz eta gero horri uko egin berorrek.

Elkarrizketa hasiberri, Iantzik jakinaren gainean jarri zituen gidariak: laburtzeko gaitasun eza zuen, alegia, Maite Herbella eta Iñigo Villamíak, elkarrizketatzaileak, motzean lotu beharko ziotela ohartarazi zuen. Hala ere, eta nahiz eta denbora luzez hizketan aritu, labur egin zitzaien elkarrizketa. Saltserotzat kontsideratzen du bere burua, baina horretaz jabetzea ez da zaila: nahikoa da telebista piztea lesakarraren alderdi hori ezagutzeko.

El Conquistador del Fin Del Mundoko bitxikeriak alde batera utzita, komunikazioko gertuko etorkizunari buruz gogoeta egitea gonbidatu zigun Iantzik. Nahiz eta geroaz ziurgabetasunak izan, lanean gaudenean gozatzeko momentua dela esan zuen. Amildegi batean bizi dira komunikatzaileak egun, eta horren aurrean kontzientziatu eta moldatu behar garela argi utzi zuen. Horretarako denetarik probatu behar da, eta ez zentratu gauza zehatz batean. Iantziren kasuan, momentu honetan bi proiektu berri ditu eskuartean: «Bost baietz» eta «101 gaztelu«. Modu batera edo bestera, jarraituko dugu Iantzi telebistan ikusten; honezkero arraroa da ETB piztu eta aurkezle lanetan ez ikustea.

Elkarrizketa osoa entzungai:

Infocom Editore Taldea 13 publicaciones