Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateak, Adegik eta Ablak Deustuko Komunikazio Ikasgelaren 3. edizioa aurkeztu dute elkarlanerako hitzarmena berrituta. Komunikazioko profesionalen topagune izateko jaio zen ikasgelak enpresa eta erakundeen komunikazioa izango ditu ardatz hirugarren urtean.
Bost modulu izango ditu Deustuko Komunikazio Ikasgelaren aurtengo edizioak, irailaren 30ean hasi eta urriko asteazken guztietan. Ana Urkizak, ikasgelaren zuzendariak, azaldu duenez, «enpresen eta erakundeen komunikazio prozesuetan ohikoak diren faseak landuko dira horietako bakoitzean: diagnostikoa, estrategia, teknikak eta ebaluaketa». Azken moduluan, berriz, bi kanpaina arrakastatsu aurkeztuko dira. Komunikazioaren munduan puntakoak diren hizlariak egongo direla eta saritutako hainbat komunikazio kasu azalduko direla kontuan izanda, Deustuko Komunikazio Ikasgela hau «komunikazioko profesionalak galdu ezin duen aukera» dela esan du Urkizak. Egitarau osoaren xehetasunak eskuragai daude http://aulacomunicacion.deusto.es webgunean eta esku-orrian.
Deustuko Komunikazio Ikasgela duela bi urte jaio zen komunikazioaren profesionalen urteroko foroa izateko asmoarekin. José Ángel Achón-ek, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Dekanoak, gogorarazi du «Fakultateko Komunikazio Sailak eskaintzen dituen komunikazioko ikasketen baitan, profesionalentzako etengabeko formazioa emateko» jaio zela ikasgela hau. Hasieratik, Deustuko Unibertsitateak bidelagun izan ditu Adegi eta Abla ikasgelaren antolakuntzan. Jon Etxabe Adegiren komunikazio buruak bereziki azpimarratu du «enpresek komunikazioan dituzten beharrak geroz eta handiagoak dira, eta geroz eta enpresa gehiagok helarazten diete kezka hori». Ablaren izenean, Elena Casuso zuzendariak adierazi du «ikasgelak eta Ablak helburu berberak dituzte: komunikazioaren garrantzia indartzea». Horregatik, Casusok «beharrezko» ikusten du elkarlanarekin jarraitzea.
Deustuko Komunikazio Ikasgelaren hirugarren edizioaren atarian, Deustuko Unibertsitateak, Adegik eta Ablak elkarlanerako hitzarmena berritu dute jendaurrean. Akordio honekin etorkizunari begira ikasgela berrindartuta geratu da. Eta etorkizun hurbilena datorren asteazkenean, hilaren 30ean, gauzatuko da lehen moduluan: Diagnostikoari eskainitakoan. Parte hartu nahi dutenak oraindik garaiz dabiltza!