Inorena ez, baina guztiona

Mintzolara egindako bisitan
Mintzolara egindako bisitan

Komunikazioko Graduko ikasleek Mintzola ahozko lantegia bisitatu dute. Han igarotako goizak eraman ditu ezagutzera joateko gonbita egitera.

Otsailak 10, ostirala, Deustuko Unibertsitateko Komunikazioko Graduko ikasleak Villabonan izan dira Mintzola ahozko lantegia ezagutzen. Elixabete Perez irakaslearekin joan dira eta elkarteko Nere Erkiaga eta Karlos Aizpurua izan dituzte gidari. Goizeko hamarretatik hamaika erdiak bitartean, euskal ahozko komunikazioaren fitxategia eta honen atzetik dagoen lan guztia ikusi ahal izan dute gazteek.

Fitxategiaz gain, ikerketa esparruko arduradunak, Karlos Aizpuruak, arlo honetan jada martxan diren ekimenen berri eman die. Argi laga du euren asmoa “beharretatik hasi eta hobetzeko asmoz ikertzea” dela, “ez zerbait egiteagatik denbora galtzea”. Ahozko komunikazioa ikertzerakoan, milaka gai jorra daitezkeela erakutsi du ikertzaileaak, eta nahi izanez gero, badela zer ikertua: “Hasiera batean aipagarriak ez diruditen gaiak ere interesgarriak izan daitezke”.

Karlosek Komunikazioko ikasleak euren ikerketan parte hartzera gonbidatu ditu eta proiektuaz at beste edozein zalantza edo kontsulta izanez gero, lasai Villabonara gerturatzeko iradoki die.

Mintzolaren ateak irekita daude nahi duenarentzat, guztia txukun jartzeak lan handia eskatu badu ere, guztiona den ondarea dago bertan gordeta eta aukera izanda, gure bizitzan hain garrantzitsua den ahozko komunikazioa hobeto ezagutu eta honi buruz ikasteko aukera paregabea da bertara hurbiltzea.

Mintzola ahozko lantegia

2008ko abenduan sortu zen fundazioa. Helburu nagusia da euskararen ahozkotasunaren esparruan erreferentziazko ikerketa eta bilgune izatea. Villabonan du egoitza nagusia. Euskarri ezberdinetan argitaraturiko dokumentazioa dago gai honetan interesa duen edonorentzat eskuragarri.
Eneritz Albizu

Eneritz Albisu 2 publicaciones
Estudiante de Comunicación