Otsailean sartu berri gara eta hortaz, hotza, euria, txingorra eta baita elurra ere iritsi dira; Deustuko Unibertsitatera, gainera, inbestidura dakar hilabete honek. Urtero bezala, Donostiako campusa elegante prestatu da, hala eskatzen baitu neguko egun hauetan ikasleak graduatzeko (lizentziatzeko eta diplomatzeko ere, oraindik) ekitaldi ospetsuak.
Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko izendatze ekitaldia izan da pasa den larunbatean, otsailaren 2an. Gure unibertsitateak agur esan dio Giza Zientziak: Komunikazioa eta Giza Zientziak: Enpresari, bi horien azken promozioko ikasleak baitira lizentziatu berri direnak. Horiez gain, Turismoko eta Gizarte Laneko graduatu eta diplomatu berriak ere izan dira izendatuak.
Egoerak eta tradizioak merezi zuen formaltasun osoarekin egin zen ekitaldia. Eguerdiko kanpaien hotsarekin batera irakasleen klaustroa sartu zen Loiola Centrumera, ospakizunari hasiera emanez. Mahai nagusia Jose Antonio Rodriguez Ranzek (Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko Dekanoa), Jose Javier Pardok (Donostiako campuseko errektoreordea), Eider Landabereak (idazkariordea) eta Alazne Mujikak (dekanordea) osatu zuten. Idazkariordeak bertaratutakoei hasierako hitzak eskaini ostean, Easo Abesbatzako umeek «Agur Jaunak» abestu zuten: ikasleei agurra egiteko euskal abesti aproposa. Dekanoaren hitzak entzun eta Jon Casado Donostiako campuseko Pastoraleko Zerbitzuko arduradunaren txanda iritsi zen. Honek, ohiko bezala, bedeinkapena eman zien lizentziadun, diplomadun eta graduatu berriei.
Ekitaldiko protagonisten garaia iritsi zen orduan. Ikasleak jarlekutik altxa eta promozio bakoitzeko ikasle batek guztien izenean agintza egin zuen. Banan bana aretoaren erdira pasa ziren, lau urte geroztik dekanoaren eta errektoreordearen izendapena jasotzeko ordua baitzen. Ekitaldi artean HUCOko ikasle ohi Aitor Zabaletak bertso sorta bat abestu zuen, eta June Calsor Fakultateko doktoregaia entzuteko aukera ere izan genuen.
Ezaguerak, esperientziak, lagunak, irakasleak, oroitzapenak (onak eta ez hain onak, seguru!), heldutasuna… Ikasleek Deustuko Unibertsitatean igaro dituzten lau urteetan motxila bete dute, eta hauxe hasiera besterik ez da izan.
Zorionak guztiei eta zorte on!