Elixabete Perez Gaztelu irakasle ikertzaileak Ibon Sarasolaren gorazarreko liburuan parte hartu du.
Hauxe laburpena:
Osagarria lexikoan ase eta mendekotasunezko izen elkartuak —Eguzki-lore moduko izen elkartuak— eratzen dituzten erlaziozko izenak landu ditugu. Zehatzago esan, mendekotasunezko izen-elkarketan erlaziozko izenok burua direnean hitz elkartuko beste osagaiarekin (ezkerreko osagaiarekin) gauzatzen duten egitura-harremana “osagarri-buru” edo “modifikatzaile-buru” den. Hori erabaki ahal izateko hitz elkartuko osagaien arteko erlazio semantikoak ezinbestean hartu behar dira kontuan.
Erakutsi dugu alde horretatik erlaziozko izen guztiak ez direla gisa berekoak. Euskaltzaindiak argitaratu berri duen hitz elkartuen gaineko azken lana (HE/2) —osatzen duten sailkapen, azalpen eta adibidetegia— baliabide aukerakoa da erlaziozko izena eta elkartu motak erkatzeko. Horren guztiaren atzean hitzen informazio semantikoa dagonez gero, hiztegiko informazioa (hiztunona, hiztegigileena) funtsezkoa da: Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegia (1996) jo dugu begiz lan honetako makulu gisa. Adibideak bertatik hartu ditugu eta argibide ugari ere bai.