Maddi Orcajo, Kazetaritzan lizentziatua eta errealizazio teknikaria, Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan irakasle bezala egin du lan. Egun, Deustuko Unibertsitatean ari da telebista set-aren erabilerari buruzko ikastaroak eskaintzen Komunikazioko Gradu eta Gradu Bikoitzeko ikasleei. Kazetaritza ikasketak hautatu zituen zinema eta ikus-entzunezkoak (animazioa, ilustrazioak) gogoko izateaz gainera, istorioak kontatu nahi zituelako.
Hona hemen Maddi Orcajori eginiko elkarrizketa telebista set-aren erabilerari buruzko ikastaroaren inguruan.
Hiru taldetan banatu dituzu ikasleak… zeren arabera?
Taldeak antolatzearena ez dago nire esku. Normalean, pertsonen kopuruaren arabera bereizten dira taldeak: 15 pertsonako taldeak gehiegizkoak dira, eta batzuetan norbait programetatik kanpo geratzeko arriskua dago. Gustura lan egiteko zazpi pertsonarekin aski da. Guztira, lau programa egiten ditugu, bi talde bakoitzeko. Lehen taldea osatzeko, adibidez, Komunikazioko 1. eta 2. mailako ikasleak nahastu behar izan ditugu oraingoan, baina hori salbuespena izan da.
Nola antolatzen dituzu saioak?
Guztira, bi orduko bost saio dira. Lehen saioan hurrengo saioetarako edo praktikarako ezinbestekoa den teoria irakasten diet ikasleei: platoa nolakoa den, plato profesionalak zer berezitasun dituen, eta ikus-entzunezko lengoaia (planoak, mugimenduak, irudien konposizioa…). Bigarren saiotik aurrera, kamerak eskuztatzen eta probatzen hasten dira: nola muntatu, erabili eta desmuntatu, argiztapenaren erabilera nolakoa izan behar duen eta abar. Horrez gain, kontrol-mahaia, soinua, nahasketa-mahaia… erabiltzen erakusten diet, eta baita editore-lanak zeintzuk diren. Ondoren, taldeak osatu, programak sortu, eta paper ezberdinak banatzen ditugu; helburua da, hurrengo saioetarako aktoreek gidoia prestatuta ekartzea programa horiek grabatzeko.
Gaurko saioko ikasleek zer ikasiko dute?
Gaur datozenak ikasle berriak direnez, argibide teorikoak jasoko dituzte; esate baterako, platoaren erabilera, plano motak nola ezberdindu, irudien konposizioa, mugimenduak, angulazioa… denbora ematen badigu, fokuak muntatzen eta desmuntatzen irakatsiko diet eta, beharbada, kamerak.
Beste urteetako esperientziak ikusita, zerbait aldatzea otu zaizu?
Oro har, ikasleek gustura hasi eta bukatzen dute ikastaroa. Egia da datozenean txundituta geratzen direla dagoen materialarekin. Nire ikuspuntutik, badago talentua duen jendea, bai kamera aurrean eta baita atzean ere.
Esperientziak erakutsi dit oinarri oinarrizkoenean geratu behar garela hain denbora gutxian gauzek funtziona dezaten. Atal bat gehiago zehazten hasiz gero (kameraren doitzeen azalpenak, esate baterako), oinarrizkoenari denbora-tarte gutxiago eskaintzen diogu. Horregatik, nahiago izaten dut oinarrizkoena irakatsi eta segituan kamera-ariketak egiteari ekin.
Unibertsitateak eskaintzen duen materiala aproposa dela uste duzu ikastarorako?
Bai, noski. Ematen diogun erabilerarako oso material ona daukagu eta ez dugu gehiagorik behar. Agian gela ez da aproposena, baina materiala punta-puntakoa da.
Zer duzu nahiago, grabazio-ekoizpen lanetan aritu ala irakasle bezala jardun?
Biak oso gustuko ditut. Esperientzia gehiago daukat irakasle ikuspegitik, baina produkzio-lanak oso dibertigarriak dira eta asko ikasten da. Irakasle bezala ere, disfrutatzen dut.
Zerbait gehi nahi zenioke elkarrizketa honi?
Hurrengo urteari begira, jendea animatzeko. Besterik ez. Orain arte bezala, oso gustura arituko naiz kurtso hau eskaintzen.