Apirilaren 28an Deustuko Unibertsitatean Donostiako bost alkategaiekin, Eneko Goia (EAJ), Juan Karlos Izagirre (EH Bildu), Marisol Garmendia (PSE-EE), Borja Corominas (PP) eta Victor Lasa (Elkarrekin Podemos), World kafe bat ospatu zen.
Eredu berritzailea izan zuen Deustuko Unibertsitateko Ignacio Astiazaran Iraola, Jorge Alonso Álvarez, Olatz Esnaola Hernández, Haizea Sendón Pérez eta Leire Kerexeta Berasaluze ikasleek, Felix Arrietaren laguntzarekin antolatutako mahai inguruak. Ekitaldiaren helburu nagusia kanpuseko ikasle, irakasle eta gainontzeko langileek beraien proposamenak eta galderak hautagaiei egitea izan zen. Guztira 60 pertsona inguru bildu ziren beraien jakin-minak alkategaiei helarazteko asmoz.
Jorratutako gaiak gaur egun pil-pilean daudenak izan ziren; mugikortasuna eta garraioa; merkataritza eta turismoa; etxebizitza eta lana; aisia, gaueko aisialdia eta gazteen parte hartzea; eta hiriko auzoak eta ondasuna. Baina, dinamikarekin hasi aurretik, hautagai guztiei galdera orokor bat egin zitzaien; zergatik aurkeztu zara Donostiako alkate izatera?
Ia bi ordu iraun zituen dinamikak eta bukatzeko hautagai bakoitzak gehien gustatu zitzaizkion gaiak publiko osoarekin partekatu zituen. Bertan guztiak, bat egin zuten eredu berri honekin oso eroso sentitu zirela esanez, eta partehartzaileekiko gertutasuna dinamikako ezaugarri onena izan zela aditzera emanez.
Aipatutako guztia kontuan hartuta, argi geratu zen, World kafea dinamika bikaina izan zela politikariak eta beraien proposamenak gertutik ezagutzeko. Baina, ez hori bakarrik, bertan egin ziren hamaika galderek mahaiaren gainean jarri zuten gazteok ere badugula politika gaiekiko interesa eta gure herriarekiko konpromisua.