Deustuko Unibertsitateak hainbat elkarlan proiektu dauzka eskuartean orain dela urte askotik. Horren adibide da ALBOAN GKEarekin batera, hilabetero-hilabetero campusean jartzen duen bidezko merkataritzaren postua.
ALBOAN orain dela hamabost urte sortu zuen Jesusen Lagundiak. Gobernuz kanpoko erakunde honen helburua giza garapenarekin konprometituta dagoen gizartea lortzea da. Modu horretan pertsona guztiek baldintza berdinak eskuratuko dituztela konbentzituta daude. Hainbat esparrutan lan egiten dute, eta horietako bat da bidezko merkataritza.
Bidezko merkataritzaren asmoa egungo nazioarteko sistema komertzial eta ekonomiko bidegabe eta jasangaitzaren alternatiba izatea da. Sistema honetan, produktuak ekoizten lan egiten duten pertsonek soldata duina jasotzen dute, genero desberdintasunak errespetatzen dira eta haurren esplotazioa eragozten da.
Datorren azoka azaroaren 10ean izango da Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean, kafetegiaren parean. Gerturatu zaitez Boliviara, gerturatu zaitez Nikaraguara! Gerturatu ezazu bidezko mundua zugana!
Maria Manzaneque