Komunikazioko Graduko hiru ikasle, Giza Eskubideen XI. Zinemaldiko Gazte Epaimahaian

Gastronomia, danborrada, surfa, kirola, itsasoa, arkitektura… eta zinea. Donostiak zazpigarren artearekin duen lotura zalantzarik gabekoa da. Segur aski Kursaal, pertsonai famatuak eta Maria Cristina, alegia, Nazioarteko Zinemaldia datorkigu burura, baina ez da horretara mugatzen hiriak zinearekiko duen zaletasuna. Apirilean gaude, eta, hortaz, urtero bezala, Giza Eskubideen XI. Zinemaldia ospatzen ari da Donostian, Victoria Eugenia Antzokian. 19tik 26ra bitartean, Donostiako Udalak antolatzen du, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxearen eta Donostia Kulturaren bidez.

Cristina Braco, Gorka García eta Edorta Lecue, Komunikazioko 3. mailako ikasleak, aurtengo Gazte Epaimahaiko kide dira. Cristinak argi dauka: «Zorte handia da hemen egotea». Aukeratze-prozesuan izena ematen zutenen artean zozketa bat egin zen; gazte hauen kasuan itxarote-zerrendan zeuden, baina jendea atzera bota zenez onartuak izan ziren. Hirurak, pozik, bat datoz: «interesgarria eta aberasgarria da parte hartzea». Gazte Epaimahaiko kide izateak emanaldi guztietara dohainik joateko aukera ematen diote. «Egunero film labur eta luze bat ikusten ditugu, eta ondoren, ebaluatzeko txanda iristen da», azaldu du Gorkak. Edozeinek kalifika ditzake filmak, baina botoa soilik Gazte Epaimahaikoek eman dezakete. Boto guztiekin, gazte parte hartzaileek Zinemaldian proiektatutako Film Labur Onenari Saria ematen diote. Horretarako garrantzitsua da epaimahaiak «giza eskubideen inguruan filmak duen sentsibilizaziorako gaitasunari eta zinema-kalitateari» erreparatzea.

Ikus-entzunezko ekoizpena, zinema, gustuko du Cristinak. Bere hitzetan: «aukera paregabea iruditu zitzaidan mundu horretara gerturatzeko, eta horrexek bultzatu ninduen aurkeztera». Zinemaldiko lehen inpresioa oso ona da: ez dira inolaz ere damutzen parte hartzeaz. Denbora eta ordu asko eskatzen duen arren, esperientzia bikaina izaten ari da. «Giro polita dago, eta lagunak aldean izanda egunero filmak ikustea zorionekoa da», diote mutilek. Hori gutxi balitz, gazteak eta beraien iritzia kontuan hartzen dute. «Garrantzitsua sentitzen zara eta eskertzekoa da».

Filmen emanaldiez gain, bestelako ekintzak ere antolatu dira: erakusketak, mintegiak, tailerrak edota jolas kooperatiboa.

Zinemaldiak «hiritarren artean gogoeta, sentiberatasuna eta eztabaida sustatzea» du helburu, beti ere «giza eskubideen urraketa mota desberdinen inguruan». Horretarako «gizateriaren erronka eta gabezia handiei buruzko ikuspegi kritiko, solidario, aldarrikatzaile eta plurala» eskaintzen du.

Infocom Editore Taldea 13 publicaciones