“Lau hilabete osatzear daudenean neguaren hotzak Xabier Leteren izaera mundutarrari agurra eman zionetik, udaberriak bidea zabaldu die tenperatura leunei eta bizi berriari.
Apirilaren 5ean jaio zen, natura loratzen den une berean, uzta oparoa utziz bere kanta, poesia eta hitzen bitartez.
Horregatik omendu nahi dugu, berak gustukoa zuena eginez, hitzaren bitartez, idatziz eta gure barrenean gordetzen den hori adieraziz, bere ibilbidea abiatu zen hilabete berean.”
Hitz horien bitartez aurkeztu du Euskal Kultur Mintegiak aurten lehen aldiz Xabier Lete poeta eta kantari euskaldun zendu berriaren omenez antolatu duten poesia lehiaketa.
Gure artetik abenduan joan zenetik, elkarte eta erakunde askok omendu dute Lete eta ez da harritzekoa. Gutxi izango dira oiartzuarraren kanta edo poemaren bat sekula abestu ez dutenak, paperera eramandako sentimenduak irakurriaz edo entzunaz gozatu ez dutenak, Leteren hitzek bere barneko sentimenduak topatzen lagundu ez dionik. Izarren hautsa, Ez nau izutzen negu hurbilak, errota zaharra, itsasoak urak handi dire eta abar luze bat izan dira berak utzi digun ondarea. Sekula galduko ez dena eta betiko gordeko dena gure artean.
Bere obra eta bera, bere pertsona, horixe gai hartuta ahal edo nahi den modura sentimenduak adierazteko aukera izango dute lehiaketa honen bitartez parte hartzaileek. Xabier Lete bera eta bere obra sakona ezagutzeaz gain, lan horrek edo bere pertsonak sorrarazten dion guztia adieraztekoa.
20 eta 50 lerro bitartean egitea izango dute baldintza bakarra euskaraz nahiz gaztelaniaz. Maiatzaren 2an izango dute beren lana aurkezteko azken eguna Deusto Campuseko bulegoetan parte hartzaileek. Omenaldi xume honetan parte hartu eta epaileen aburuz modu ederrenean egiten dutenek, Euskal Kultur Mintegiak berak antolatu duen bertso bazkarirako bina sarrera izango dituzte bi hizkuntzetan bi poesia baloratuenen egileek. Ekainaren 3an Deustuko Unibertsitatean bertan izango da bazkaria eta Sustrai Colina, Maialen Lujanbio, Amets Arzaillus eta Beñat Gaztelumendi izango dira trikitilarien laguntzarekin ikasturteari giro onean amaiera emango diotenak.
Informazio gehiago euskalkulturmintegia@gmail.com helbidean edo unibertsitatean zehar banatu diren baldintza orrietan topatzea izango dute interesatuek.