Migrazioak eta komunikazioa

a

Irailaren 16tik 18ra, Granadako Unibertsitatean, Nazioarteko Migrazioen Espainiako VIII Kongresua ospatu zen. Edizio honetan Deustuko Unibertsitateak, etorkinen arloan ohikoak diren gaiei buruz hitz egiteaz gain (generoa, adin txikikoak edo lan mundua esaterako), geroz eta garrantzi handiagoa duen dimentsio berri bati buruzko ekerpenak egin zituen: informazio eta komunikazioaren teknologiak (IKT delakoak) gaur egungo migrazioak ulertzeko duten garrantziaz aritu zen.

Pedro J. Oiarzabal Deustuko ikerlariak zuzenduriko “Migrazioak eta gizarte digitala” sinposioan, Deustuko Unibertsitatea Ekonomia Ministerioren babesarekin egiten ari den ikerketa baten emaitzak aurkeztu genituen: etorkinen elkarteek informazioaren gizartean duten integrazio mailari buruzko ikerketa. Zehazkiago, “Etorkinen elkarteen aldetik IKTen aprobetxamenduan eragina duten faktoreak” (E.Aretxabala, M.L. Setien eta ni neu) eta “Teknologia berriak eta Bolivia, Kolonbia, Ekuador, Maroko eta Errumaniako elkarteen arteko hartu-emana” (C. Uzcanga, P.J. Oiarzabal eta C. Maiztegui) azaldu genituen. Granadako kongresua baino astebete lehenago, ikerketa honen emaitzak Bilbon, Soziologiako Euskal Kongresuan, aurkeztu genituen. Emaitza guzti hauen jatorrian dagoen ikerketaren helburua honakoa da: Espainiako etorkin elkarte nagusiek IKTak nola erabiltzen dituzten deskribatu eta erabilpen horrek elkarte hauen helburuak betetzeko zein neurritan eragiten duen aztertzea.

Bestalde, etorkinak eta komunikazioarekin jarraituz, Granadan ospaturiko Nazioarteko Migrazioen Espainiako VIII Kongresu horretan bertan, nik “Komunitate Erlijioso Transnazionalek egiten duten internet erabilpena” izenburua duen lana ere aurkeztu nuen. Lan horrek, datu enpirikoak erabiliz, internetek praktika erlijioso transnazionalak ahalbidetzen dituen neurrian, etorkinak komunitate erlijioso lokaletan txertatzea galarazten ote duen argitzea du helburu.

[:]

Xabier Riezu 20 argitalpen
Irakaslea
Xabier Riezu Arregui Nazioarteko eta Kultura arteko Ikasketetan doktorea da; Migrazioak, Gatazkak eta Gizarte Kohesioan Masterra; Soziologia eta Zientzia Politikoetan lizentziatua; eta Filosofian lizentziatua. Bere irakaskuntza Deusto Business Schoolen, eta Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean eskaintzen du. Irakasgai hauek ematen ditu: "Etika Zibikoa eta Profesionala", "Irrati Ekoizpena" eta "Globalizazioa, hiritartasuna eta kultura arteko konpetentzia". Ikerlari moduan Etika Aplikatuko Zentroko kidea da eta komunikazio-teknologien dimentsio sozialari buruz, erlijioaren eta komunikazioaren arteko harremanari buruz eta etika publikoari buruz argitaratu izan du. Bere jarduera akademikoez gain Espainiako Probintziako Jesusen Lagundiko komunikazio bulegoko kide da, eta komunikabide desberdinetan kolaboratzen du. Horren aurretik Herri Irratian aritu zen lanean.