Deustuko Unibertsitatea. 2022ko azaroaren 30ean, goizeko 11:00etan

«Bertso beltzak» lehen eta orain

Bertsopaperetako krimen-bertsoak eta «bertso beltzen» bat-bateko bertso saioa Euskaraldiaren testuinguruan

Azaroaren burua urteko sasoi ilunena dela eta «Bertso beltzei» eskainitako saioa antolatu nahi izan du Euskal Gaien Institutuak azaroaren 30erako, Euskaraldiaren ekitaldien artean. Bilboko campuseko Garate aretoa lepo bete da hitzaldia eta bertso saioa entzuteko. Youtuben ipini dute ekitaldia, bertan izan ez zenak ere saioaz gozatu ahal izan dezan.

Euskal Gaien Institutuko zuzendariak ekitaldiaren hasierako aurkezpenean saio honen berezitasuna azpimarratu nahi izan du: akademiaren, idatziaren munduaren, eta ahozkoaren arteko zubia, irakasle-ikertzailearen hitzaldia eta bat-bateko bertso saioa elkarren osagarri, eta saioaren gaia bera, «bertso beltzak». Euskaraldiaren leloa egokituta, parte-hartzaileei bertso beltzei hitzez ekiteko gonbita egin die.

Jabier Kaltzakorta Gizarte eta Giza zientzietako fakultateko irakasle-ikertzaileak hartu du hitza lehenik. XIX. mendeko Azpeitiko eta Markina-Etxebarriako hilketak kontatzen dituzten bertsoak landu ditu, krimen-bertsoen generoaren adibide gisa. Ikus-entzuleek hilketen gaineko bertsopaperen kopiak eskuan zituztela jarraitu dute Kaltzakorta irakaslearen hitzaldi mamitsu eta entzungarria.

Saioaren bigarren atalean, Amaia Agirre bertsolaria, Deustuko Unibertsitateko ikasle ohia, gai-jartzaile zereginean aritu da Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Alaia Martin sona handiko bertsolarien lana gidatzen. Kaltzakortaren hitzaldiaz ere baliatu da bertso lanerako. Oso saio emankor eta interesgarria gauzatu dute, entzuleen gozamenerako.

30/11/2022 - Euskaraldia. Hitzaldia: “Krimen-bertsoak” eta bertso saioa
DeustoKOM 7 argitalpen
Deustuko Unibertsitateko Komunikazioko ikasleen aldizkari digitalaren editore taldea.

Zurea da hitza

Egin ezazu iruzkin bat

Your email address will not be published.


*


Webgune honek Akismet erabiltzen du spama saihesteko. Nola prozesatuko dira zure iruzkinaren datuak?