Catholic Communities Online liburuaren argitalpena

Argitaratu berri da Catholic Communities Online liburua. M. Diez Bosch, J.L. Mico eta J. M. Carbonellek editatu dute eta, bertan, teologia, soziologia eta komunikazio zientzietako hainbat adituk erlijio katolikoak gaur egungo komunikabide digitaletan duen presentzia aztertzen dute. Komunikazioaren eta erlijioaren arteko harremana geroz eta gehiago ikertzen den gaia izanik ere, gabezia nabarmena dago katolizismoari buruzko ikerketei dagokionez eta argitalpen honek gabezia hori arintzen lagundu dezake.

Liburuan ez dira falta erreferentziazko bibliografian klasikoak bihurtu diren gaiak, hala nola, autoritate krisia, komunitate forma berriak, aktibismoa eta parte-hartzea, inteligentzia kolektiboa, etab. Baina, gainera, zenbait kasu azterketa azaltzen dira erlijio katolikoa komunikabide digitaletan nola zabaltzen ari den erakutsiz: mugikorren aplikazioetan, sare sozialetan, foroetan etab. Nire ekarpena liburua ixten duen kapitulua da: «Rezandovoy: an example of digitalization of religión in the Spanish-speaking Catholic world», espainieraz dagoen otoitzerako tresna entzutetsuenetariko bati buruzkoa.

Liburuaren bertute handienetako bat bere ikuspegi globala da. Munduko leku desberdinetako autoreen ekarpenak jasotzeko erabakiak argi adierazten du zein den erlijioaren eta komunikazioaren arteko harremana ikertzeko gaur egun beharrezkoa den ikuspegia. Naiz eta erlijio katolikoa hasieratik eta definizioz izan den Peggy Levittek «erakunde erlijioso transnazional zabala» deritzona, ukaezina da historian zehar errealitate hori testuinguru nazionaletan gauzatu dela. Orain ordea, globalizazioak, inoiz baino gehiago behartzen gaitu gizarte aurreratu guztietan eragiten duten joerak aztertzeko gai diren ikuspegiak erabiltzera ―informazioaren gizartetik at geratzen diren baztertuak ahaztu gabe―.

Zorionak argitalpenaren arduradun guztiei eta nire eskerrik zintzoena haiei eta Ramon LLull unibertsitateari, argitalpen proiektu interesgarri honetan parte hartzeko aukera emateagatik.

Xabier Riezu 20 argitalpen
Irakaslea
Xabier Riezu Arregui Nazioarteko eta Kultura arteko Ikasketetan doktorea da; Migrazioak, Gatazkak eta Gizarte Kohesioan Masterra; Soziologia eta Zientzia Politikoetan lizentziatua; eta Filosofian lizentziatua. Bere irakaskuntza Deusto Business Schoolen, eta Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean eskaintzen du. Irakasgai hauek ematen ditu: "Etika Zibikoa eta Profesionala", "Irrati Ekoizpena" eta "Globalizazioa, hiritartasuna eta kultura arteko konpetentzia". Ikerlari moduan Etika Aplikatuko Zentroko kidea da eta komunikazio-teknologien dimentsio sozialari buruz, erlijioaren eta komunikazioaren arteko harremanari buruz eta etika publikoari buruz argitaratu izan du. Bere jarduera akademikoez gain Espainiako Probintziako Jesusen Lagundiko komunikazio bulegoko kide da, eta komunikabide desberdinetan kolaboratzen du. Horren aurretik Herri Irratian aritu zen lanean.