Zuen, ikasle zareten guztien, komunikaziorako gune eta erakusleiho izatea nahi genukeen tokia da webgune hau.
2008an Infocom abiarazi genuenean, Komunikazioko Gradua ezagutzera ematea zen helburu nagusietariko bat. Eskolatan sortutako aktibitatea eta Departamentuaren egunerokoa islatzen zituen Infocomek: irakasleen ikerketa zein transferentzia argitalpen eta ekitaldiak, jardunaldiak, eskolara adituek egiten zituzten bisitak…
Egiari zor, asmo handiko helburuak ezarri genituen lehen une haietan, eta gure esfortzua norabide desberdin askotan barreiatu izan da: ikasleen egunerokoa jaso, irakasleen ikerketa aktibitatearen erreferentzia gune bihurtu edo gradua komunikazioaren alorrean posizionatu, batzuk aipatzearren. Guztietara iritsi nahian, ez genuen lortu bat ere guk nahi izango genukeen moduan asetzea.
Horregatik, gogoeta prozesu baten ondoren, helburuak eta helburuko publikoak lehenstea erabaki genuen. Prozesu horren emaitzaren aurrean zaude. Infocom, Komunikazio Saileko “plaza publikoa”, DeustoKom News bihurtu da, “Komunikazioko ikasleen albistegi digitala”. Komunikazioko Graduaren kontestuan bai, baina ikasleek ikasleentzat sortutako edukiak jasoko dituena, eta aldi berean parte hartzaileei ikasitakoaren erakusleiho gisa balioko diena.
Fokuaren norabidea zehaztu nahi izan dugu, eta ikasleak izango zarete orain protagonista nagusiak hemen. Eskolatan egiten dituzuen lan onenak erakutsi nahi ditugu, baina baita eskolaz kanpo sortzen zaizkizuen kezka eta interesek eragindako eduki multimediak ere. Sormen handiko pertsonak zarete, eta pertsona oso egiten zaituzten eremu akademikotik kanpoko alor horiek komunikatzeko lantzen ari zareten gaitasuna ere jaso nahi dugu.
Ongi etorri, Deustokom! Zorionak lantaldeari.