Ramon LLull unibertsitateko Blanquerna komunikazio fakultateak argitaratzen duen Tripodos aldizkariak Media, Religion and the Digital Age izenburua daraman zenbaki monografikoa argitaratu du. Miriam Diez Bosch eta Jordi Sanchez editoreek sarreran azaltzen duten bezala, ale honek komunitate erlijioso tradizionalek web sarean duten jarduera eta sorkuntza bizia islatzen duten ekarpenak bildu ditu.
Monografikoak nire artikulu bat dakar: “Uses and Gratifications of a Spanish Digital Prayer Project: Rezandovoy”. Eskertu egin nahi nieke aldizkariaren arduradunei argitalpena, eta komunikabide digitalen eta erlijioaren ikerkuntza eremu berri honetan gabiltzan autoreak elkartu eta hartu-emanean jarri izana.
Artikuluak Rezandovoy, Jesusen Lagundiaren otoitzerako zerbitzu digital bati buruzko ikerkuntza baten behin behineko emaitzak jasotzen ditu. 2015 urteko urtarrilean egunero 100.000 deskarga izan ditu zerbitzu honek. Erabilpen eta Gratifikazioen Teoria aplikatuz, metodologia kualitatibo eta kuantitatiboez balia gaitezke, erabiltzaileen profila ezagutu eta mundu osoko fededunak komunikabide digitalak erabiltzera bultzaren dituzten arrazoiak aztertzeko.
Zenbakia osorik dago eskuragai online.