Komunikazioko ikasketek 25 urte bete dituzte, eta ospatu egin dugu!

Joan den ekainaren 20ean, Donostiako Aquariumean, bildu nahi izan genuen Deustuko Unibertsitatean Komunikazioa ikasi eta irakatsi dugunak, duela 25 urte hasi eta gaur arte. Guztiengana iritsi nahi izan dugu ahal izan dugun modu guztietara, eta nahiz eta ziur baten bat pasako zitzaigula, eskertu nahi dizuegu ekitaldian izan zineten guztiei zuen ikaskide-ohien kontaktu-sareak aktibatu izana, deialdiari erantzunez bertan izateko.

Nik egin nizuen harrera ekitaldi hartan, eta nik jasotzen ditut gaur hitz hauek idatziz, graduaren arduradun gisa. Pentsatzen dut zuetako asko bezala, errebalida egin ondoren (horrela amaitzen baikenituen garai hartan ikasketak, GRALik ez zegoenean) unibertsitatetik atera nintzela pentsatuz/desiratuz sekula ez nintzela itzuliko. Eta aldiz hementxe nago (hantxe izan nintzen Aquariumean, ekitaldiaren egunean), atrilaren atzean publikoan, ikasle artean, ezkutatzera salto egiteko bulkadari eusteko; gorputzak eskatzen didana hori da eta.

Pertsona zoragarriz osatutako lau urte izan ziren, ikasketa sustatzen zuen inguru bat, hazkunde pertsonalerako toki bat (sentibera da, baina hau ez bada sentibera jartzeko momentu egokia, zuek esango duzue zein den); eta gero, ezustean eta zalantzekin, hasierako momentuan behintzat, etorri dira beste hogei urte unibertsitatean eta Komunikazioari lotuta: pertsona zoragarri gehiago (irakasle mahaiaren alde batera eta bestera, benetan bi alde daudenik zalantzan jartzen badut ere) eta ilusioa sortzeko gaitasuna duen proiektu bat, ziurtasunez eta sutsuki sinesten dudan proiektu bat.

Posizio propioa hartzeko gaitasuna duten pertsonak gara, zarete, izaten jarraituko dutela espero dugu; bestea ezagutu eta onartzeko, eta ezberdinen arteko elkarrizketa abiatzeko gai; errealitatearen irakurketa sakona egiteko, irakurketa hori testuinguruan eta, behar duenean, berrogeialdian jartzeko, laburtzeko, prozesatzeko eta kontatzeko gai, lanean jarduten dugun erakundeen izenean (esparru ugaritan: hedabideak, erakundeak edo hainbat sektoretako enpresa pribatuak; baina baita gure ingurune sozial eta pertsonalean ere), elkarrizketa horri jarraipena emanez kontatzeko, pertsonak josten gaituen elkarrizketa hori iruteko, sareak ehuntzen dituena, inoiz galduko ez dela eta betiko iraungo duela espero (gizarte bezala, behar) dugun elkarrizketa, hain zuzen.

Ikuspegi honekin egin dituzte Komunikazioko ikasketek 25 urte: 1999an hasi ziren Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean, Giza Zientzietako lizentziaturarekin, Komunikazioko espezialitatean (GIZKO). Ondoren, Europako Goi Mailako Hezkuntza Esparrura (Bolonia planera) egokitzearekin, Komunikazio gradu bihurtu zen 2008an. 2012/13 ikasturtean Zuzenbidearekin gradu bikoitza abiatu genuen, eta 2018/19an Ikus-entzunezko eta Multimedia Komunikaziorako Teknologiak titulu propioa kaleratu genuen. Duela bi urte (2023an) plan berrituarekin hasi ginen; datorrenean (2025/26an) hasiko da Komunikazioa eta Nazioarteko Harremanak gradu bikoitzeko lehen ikasturtea; eta ikus-entzunezko sorkuntzaren inguruko proposamen berri bat lantzen hasiak gara hurrengorako.

Hasieran nioen bezala, niri tokatzen zait momentu honetan egotea graduko arduradun gisa, baina nirekin batera egon ziren ekitaldian lan honetan nire aurretik arituak. Lehen urte haietan Komunikazioko Saileko zuzendari Juan Manuel Díaz de Guereñu izan zen (ekitaldian gurekin egon ezin izan zuena); ondoren etorri ziren Elixabete Perez Gaztelu, Leyre Arrieta, eta Juan Pagola. Urteurren hau haiei aitortza egiteko une egokia ere bada, eta jaso nahi izan genuen ekitaldian beraien denbora honetako bizipena, denbora honetan lizentziatura, gradua, nola bizi izan duten. Hemen haien hitzak:

  • Juan Pagola Komunikazioko Saileko zuzendari izan zen eta, Fakultateko egituraren moldaketaren ondoren, Komunikazioko titulazioen arduradun, 2018tik y 2023ra;
  • Leyre Arrieta Komunikazioko Saileko zuzendari izan zen 2009tik 2018ra;
  • Elixabete Perez Gaztelu Komunikazioko Saileko zuzendari izan zen 2003rik 2009ra.

Eliren, Leyreren eta Juanen kontakizunek ederki irudikatzen duen proiektu honek, beraz, 25 urte bete ditu, eta nola ospatu nahi genuen imajinatzen genuenean, gauza asko eta oso ezberdinak bururatzen zitzaizkigun: batzuk bidean geratu dira osatu gabe, baina beste batzuk lortu ditugu. Adibidez, campusetik hainbat zuzeneko irrati emanaldi egin dira; edo ikasle ohien mahai-inguru bat; zineforum saio bat, distopia/utopiek irudikatzeko eta, beraz, sortzeko gai garen etorkizunak nola baldintzatzen dituzten aztertzeko; Wikipedia editatzeko tailer pare bat.

Kontaktuen zerrenda antolatu eta aktibatzeko ere aprobetxatu dugu (batez ere Juanek urteetan bildu duena), ospakizun urtea geundela kontatzeko. Pixka bat egunean jarri gara plataforma digitaletan ditugun profilekin: X/Twitter bihurtu den desinformazio-makina alde batera utzi dugu, fedibertsora jauzia emateko; LinkedInen profila aktibatu dugu. Kanal horien bidez, hemendik aurrera zuei gauzak kontatzen jarraitzea eta harremanari eustea espero dugu.

Ospakizun-ekintza guzti hauen artean, gauza bat argi bagenuen, joan den ekainaren 20ko hura egin behar genuela zen, besterik egin ez bagenuen ere: denbora honetan Arrupetik pasa garen ikasle eta irakasleen topaketa egitea hain zuzen, zuek berriz ikustea, eta 25 urte hauek elkarrekin ospatzea.

Eskerrik asko harreran egon ziren Sofia eta Andrea ikasleei; antolakuntza bere gain hartu duten Eider Landabereari eta Eli Altunari (gaur hemen egon ezin duena). Eskerrik asko ZUEI etortzeagatik. Ea beste 25 urte ere betetzen ditugun, baina ikus dezagula elkar berriz ere horrenbeste denbora pasa aurretik!

Prentsan

Argazkiak

20/06/2025 - 25º aniversario de los estudios de Comunicación
Miren Berasategi 6 argitalpen
Irakaslea · DeustoKom News editore taldea
Giza Zientziak: Komunikazioan lizentziatua naiz (Deusto, 2004) eta komunikazio digitalaren inguruko irakasgaiak ematen ditut. Datuen kazetaritzaren irakaskuntzari buruz egin nuen doktore tesia, 2020an amaitua.

Zurea da hitza

Egin ezazu iruzkin bat

Your email address will not be published.


*


This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.