[:eu]Jone Larrañaga: “Hizkuntza menderatzea beharrezkoa da, ez komunikazioaren arloan aritzeko, herritar izateko baizik”

Prentsa idatzian eta telebistan aritua, egun Euskadi Irratiko programazio buru, Jone Larrañaga Komunikazio Graduko ikasgelan bertan izatea ostegunean interes handikoa zen aldez aurretik. Hitzaldian, laugarren mailako ikasleei eskainia, kazetariak karrera amaitzen ari direnen zalantza eta gogoetak jaso zituen, baita zenbait aholku eman ere.

IMG_4637

“Irrati kazetariaren gaitasunak” izenburupean, Jone Larrañagak komunikabideak -EITBk kasu honetan- profesional berriei eskatzen diena azaldu zuen, baita gehien baloratzen diren gauzak ere. Gaitasun akademikoak unibertsitatean jaso izana oinarri hartuta, beste bi nabarmendu zituen bereiziki, gaitasun sozialak eta hizkuntza gaitasunak. Azken honi buruz, hizkuntza jakitea nahikoa ez dela eta benetan menderatzea beharrezkoa dela esan zuen, “ez komunikazioaren arloan aritzeko, herritar izateko baizik”.

Ikasleek espezializazioari buruz galdetutakoan, Larrañagak, zera esan zuen: “Espezializatuta egotea ez da gauza txarra, baina ez ezazuela hasieratik mugatu zuen arloa, ez dezatela pentsa gauza bat bakarrik egiten dakizuela, kirola dela edo beste ezer dela, hori ikusiko dute denborarekin”. Kazetariaren hitzetan, ez da komeni, esate baterako, arlo teknikoan bakarrik edukitzea interesa. ”Teknikaria, lanpostu bezala, desagertzear dago, lehenago edo beranduago ez da teknikari hutsik egongo irratian, gaur egun gidoi egile hutsik ez dagoen bezala; profesionalak zenbait lan tekniko menderatu behar ditu eta komunikazioaren gakoak ondo ezagutu”. Bere ustez, hau ez da irratian bakarrik gertatzen, baita marketing arloan edota komunikazio instituzionalean ere.

Irratiaren kasuan, formatuen arteko mugak desagertzen ari direla adierazi zuen: “tabikerik gabeko modeloak jarraituz nahasten dira, non magazinak informazioa eman behar duen eta informatiboak irudimena erabilita, produktu atsegin eta zaindu bat eskaini. Euskadi Irratian horretan gabiltza aspalditik”.

Beti esaten da komunikabideak krisian daudela eta zaila dela sartzea. Hala ere, Euskadi Irratiko programa buruak zera dio: “Bai, kosta egiten da, baina kontuz, guk urtero bi profesional berri behar ditugu gutxienez, ez diegu dena jakitea eskatuko, baina bai jarrera eta komunikaziorako gogoa”. Aipatutakoaren eredua: Mikel Rotaetxe, Deustuko Komunikazio Graduko ikasle ohia. “Bistan zen kazetari sena zeukala. Bruselara bidali genuen, erronka handia, eta lan bikaina egin zuen han”. Gure ikasle ohiak Paristik egiten du lan orain. Jonek duela gutxi gertatutako atentatuen ondorengo zuzeneko konexioak ipini zituen Rotaetxek bere irudimena eta eskura zituen baliabideak nola erabili zituen ikasleei azaltzeko.

Rotaetxeren kasuan bezala, bide profesional hori irratian praktikak eginez hasten da ia beti. Atariko frogari buruz ere aritu zen Larrañaga, bera izaten da eta bertan ikaslearen gaitasunak neurtzen. “Urduri bazaudete froga egiteko egunean, jakin ezazue guk hori ikusten dugula, eta berehala antzematen da zeinek balio duen nahiz eta egun horretan nerbioak jota egon”. Zer egin frogaren aurretik? “Jakin zein mundutan bizi zareten, jakina: irakurri, entzun, ezagutu… ez dut ezer berririk esango, baina hau derrigor eduki behar duzue. Jakin zeini ordaintzen dizkiozun zergak eta zergatik, zer gertatzen den masiboak ez diren kiroletan, zer mugitzen den kultura mailan eta zein oztopo dituen, komunikabide batean ari bazarete, jakina, ondo ezagutu komunikabide hori”.

Azkenik, Euskadi Irratiko programa buruak oposaketak prestatzen ari zela berea egin zuen ohitura kontatu zuen. “Goizero nire albistegia antolatzen nuen. Egunkariak ikusita eguneko albiste eskaleta bat josi eta gero, irratiko boletina entzuten, bi bertsioak alderatzen nituen, asko ikasten da ariketa honen bitartez, etxean egin eta esango didazue”.

Asier Leoz 74 publicaciones
Profesor
ASIER LEOZ AIZPURU es doctor en Comunicación por la Universidad de Deusto. Actualmente es profesor contratado en la Universidad de Deusto, donde imparte docencia en el campus de Donostia. Su actividad docente se concentra en el Grado en Comunicación. Concretamente imparte las siguientes asignaturas, Herramientas Multimedia, Elaboración de Mensajes Radiofónicos y Producción Radiofónica. ASIER LEOZ AIZPURU ha estado trabajando en los últimos 20 años en radio como realizador y locutor de programas en EITB. ASIER LEOZ AIZPURU pertenece al equipo de investigación de Comunicación y defendió en 2015 su tesis doctoral titulada Las revistas especializadas en la configuración de un espacio musical indie en España; el caso Rockdelux 1990-2010.