Koldo Mitxelenaren euskal prosako enuntziatu parentetikoak aztertu ditu Agurtzane Azpeitiak

Agurtzane Azpeitia tesiaren defentsan
Agurtzane Azpeitia tesiaren defentsan

Agurtzane Azpeitia Eizagirrek Koldo Mitxelenaren euskal prosako diskurtso-estrategiak: enuntziatu parentetikoak izenburuko tesia aurkeztu berri du lehengo ostiralean Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Miren Azkarate, Inés García, Jon Ortiz de Urbina, Igone Zabala, eta Esther Zulaika epaimahaikideek kalifikazio gorena (CUM LAUDE) eman diote aho batez. Elixabete Perez Gaztelu Euskal Filologian doktorea izan du zuzendari.

Ikerketa honetan, Koldo Mitxelenak diskurtsoa modu komunikagarri batean atontzeko, bere diskurtsogintzaren ezaugarri bereizle diren enuntziatu parentetikoak komunikazio-estrategia egokiak gertatzen zaizkiola frogatu nahi izan du Azpeitiak; izan ere, ikertzailearen hitzetan, “Mitxelenaren argudio-garapenean nahiz testu-sorkuntzan eta informazioaren antolakuntzan, enuntziatu horiek ezinbesteko eginkizuna dutelako hipotesia genuen”.

Azpeitiak azaldu duenez, “enuntziatu parentetikoak, funtsean, esatariak bere intentzio-asmoak erdiesteko norentzakoari egiten dizkion keinu edo arrastoak dira, testutik bertatik mezuaren interpretazioa (nora)bideratu eta gidatzeko erabiltzen dituenak. Esatariaren helburua bere intentzio-xedea norentzakoak atzematea da eta horretarako ahalegin guztiak egingo ditu, norentzakoarekin konplizitatezko harremana sortzeaz gain, bere enuntziatua modalizatu, birformulatu eta testuinguratzen, harik eta esan duenaren eta esan nahiko zukeenaren artean zirrikiturik txikiena ere egon ez dadin eta diskurtsoaren interpretazioak esatariak nahiko zukeen bidetik jarrai dezan”.

Doktore berriak azpimarratu duenez, “hizkuntzalaritza esparruan oro har, eta euskal lanetan bereziki hutsune ia erabatekoa dago: gramatiketan, testu- eta estilo-liburuetan nahiz hizkuntza-irakaskuntzetako metodoetan oso gutxitan jorratu izan dira (puntuazioari dagokion ataletan ez bada, eta bertan ere oso aipu laburrekin)”. Eta jorratu direnetan behin baino gehiagotan irakurri du “egitura mota hau ‘ken daitekeela’ ”. Azpeitiaren ustez, ordea, “Koldo Mitxelena bezalako maisu batek bere prosa horrelako egiturekin zirtatzen badu zerbaitengatik eta zerbaitetarako zirtatzen du”.

Deustuko Unibertsitateko ikertzailearen esanetan, “Koldo Mitxelenak, komunikagarritasunari begira, baliabide honekin lortzen dituen efektuak agerian jarriz, litekeena da egungo euskal prosara edo testugintzara argirik ekartzea”.

Infocom Editore Taldea 13 publicaciones