Laugarren urtez jarraian, Deustoko Komunikazio Ikasgelak (Aula Deusto de Comunicación) egitarau aberatsa eskainiko die komunikazioko profesionalei. Aurten online bidezko komunikazioa ardatz hartu, eta ardatz horren inguruko hainbat esparru landuko dira: online bidezko barne komunikazioa, online bidezko komunikazio korporatiboa, online bidezko kanpo komunikazioa eta online bidezko komunikazio instituzionala.
Gaur goizean abiatu da ikasgelaren laugarren edizioa Ana Urkiza zuzendariaren aurkezpenarekin eta Roberto San Salvador Deustuko Unibertsitatearen Komunikazio Errektoreordearen ongietorriarekin. Urkizak nahiz San Salvadorrek azpimarratu dute “ikasgela komunikazioko profesionalen intereseko izango dela eta egungo komunikazio beharren azterketarako balio dezan” espero dutela. Horregatik, komunikazioaren egungo joerak kontuan hartuta, “online bidezko komunikazioa aukeratu” dela gaineratu du Urkizak.
Aurreko edizioetan ez bezala, egun guztiko bi jardunaldik osatuko dute aurtengo ikasgela. Gaur, urriak 20, Raúl Peralbaren irekiera hitzaldiaren ondoren, parte hartzaileen arteko eztabaida egingo da goizez. Arratsaldean, berriz, online bidezko barne komunikazioa izango da mintzagai. Bihar, osteguna, hilak 21, online bidezko komunikazio korporatiboa aztertuko da lehenik, kanpo komunikazioa ondoren, eta komunikazio instituzionala azkenik. Bi eguneko jardunaldi intentsoen ondoren, “hausnarketarako eta ikasketarako ez-ezik, ikasgelak komunikazioko profesionalen arteko elkarlanerako aukerak zabaltzeko ere balio dezakeela” adierazi du Ana Urkiza zuzendariak.