“Ahotsa zaindu nahi baduzu, ez hitz egin azkar, asko, fuerte… eta isiltasuna estimatu”

Mirari Perez Gaztelu foniatra ahotsa zaintzearen garrantziaz hizketan.

Mirari Perez Gaztelu mediku foniatrak ahotsak komunikazioan duen garrantziaren gainean hitz egin die Komunikazioko graduko 2. ikasturteko ikasleei, Ahozko komunikazioaren lantegia ikasgaiko saio osagarrian.

 

“Ahotsa komunikazio mintzatuan” hitzaldia abiarazteko Antxon Agirre Sorondo zenaren “Jakin-minak besterik ez du jakin-mina pizten” esapidea hautatu du hizlariak; sentimendu horixe piztu nahi izan du ikasle entzuleengan.

Mirari Perez Gaztelu foniatra ahotsa zaintzearen garrantziaz hizketan.
Mirari Perez Gaztelu foniatra ahotsa zaintzearen garrantziaz hizketan Komunikazioko 2. mailako ikasleen aurrean.

Komunikazioko graduko irakasle eta ikasleek ez bezala ikusten, begiratzen eta lantzen du komunikazioa Perez Gaztelu foniatra eta kantariak: ahotsaren eta gorputzaren batasuna, komunikatzeko eta komunikatzean dugun jarrera, fonazio organoak, ahotsaren osagaiak, ahotsaren erabilera egoki eta desegokia, ahots mintzatua eta ahots kantatua, ahots osasuntsua eta ahots eria (noduluak, disfoniak…) eta beste azaldu dizkie ikasleei makina bat adibide eta ariketaz baliatuta.

Kantuan, eta ahotsarekin “jolasean” ez ezik, era askotako adibide ugari ere ekarri ditu hizlariak azalpenen oinarri eta argigarri: Anne Sophie von Otter mezzosopranoa, Carlos Mena kontratenorea, Xabier Lete, etb2ko tertuliakideak, minutu batean 100 ahots ekoizteko gauza den gizasemea, irrati eta telebistako esatarien Goooooooooollllllll! deiadarra… Eta ikasleak parte hartzera ere bultzatu ditu eta ariketak eginarazi, batez ere nork bere ahotsa ezagutzeko modua ikas dezan eta ohar dadin ahotsa “garbia” edo “trabatua” duen. Aspertzeko beta handirik ez dute izan ikasleek.

Urtero etortzen da Mirari Perez Gaztelu Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusera komunikazioan etorkizuna bide duten ikasleekin elkartzera, ahotsa dela eta ikasleengan ardura pittin bat sortu eta zenbait aholku ematera: lasai hitz egin, isiltasuna estimatu, ez garrasi egin, ahotsa ez behartu… Aitzakiarik ez dute ikasleek hitzaldiaren amaiera aldean berriz ere ahotan hartu duen Antxon Agirre Sorondoren bigarren esapideari muzin egiteko: “Ezaupidearen bitartez besterik ezin da ezagutzen dena estimatu”. Ahotsaz ikasteko bitartekoa izan dute behinik behin; estimazioa…. Ikasleen esku.

Ezin iruzkin hau amaitu hitzaldiari azken burua emateko Perez Gazteluk bereziki aipatu dituen Xabier Lete, eta Iñaki Salvadorren eta Mikel Laboaren “Negua” hona ekarri gabe.

 

Kike Amonarrizek “Tribuaren berba” EITBko saioan elkarrizketatu zuen Mirari Perez Gaztelu. Inork ikusi eta entzun nahiko balu, hementxe.

Elixabete Perez Gaztelu 14 argitalpen
Irakaslea · Euskal Gaien Institutuko Zuzendaria
ELIXABETE PEREZ GAZTELU Euskal Filologian lizentziatua eta doktorea (Deustuko Unibertsitatea). Gaur egun Deustuko Unibertsitateko irakasle titularra da eta Donostiako eta Bilboko campusetan irakasten du. Komunikazioko Graduan irakasgai hauek ematen ditu: Informazioaren eta Komunikazioaren Teoria I, Prentsa idatziko mezuak ekoiztea eta lantzea, Ahozko Komunikazioaren Lantegia eta Gradu Amaierako Lana (euskaraz eta gaztelaniaz). Hizkuntza modernoen eta Euskal hizkuntza eta kultura graduetan, berriz, Idazketa akademikoa. Bere argitalpenetan gai hauek landu ditu: Komunikazio-gaitasunak, hizkuntzaren erabilera komunikazioan. Azken urteotan gazte euskaldunen komunikazio idatziaren gaitasuna ikertzen aritu da lanean. Komunikazioko ikertaldeko kidea da. Eusko Jaurlaritzak B motakotzat onartua. Beste ikergai batzuk: IKT eta hizkuntzaren erabilera ahozko eta idatzizko komunikazioan. Euskal hedabideen hizkuntzaren erabilera.