Leyre Arrieta irakasleak euskal emakume heroiei buruzko hitzaldia eman du

60556212_2022423551199513_2402442428633055232_n

Leyre Arrieta historialari eta ikertzailea “pozik” agertu da  joan den ostegunean, hilak 16, Mutrikuko kultur etxean euskal emakume heroiei buruzko hitzaldia eman ondoren. “Uste baino jende gehiago” gerturatu zela azpimarratu du irakasleak, gaiak sor dezakeen interesa dela eta tarteko.

Badira urte batzuk Mutrikun Historia Jardunaldiak antolatzen hasi zirenetik. Bertan parte hartu izan du Leyre Arrieta historialari eta irakasle mutrikuarrak, eta aurten ere ez du hutsik egin. Oraingoan emakumeak izan ditu hizpide Arrietak, zehazki, hasierako euskal abertzaletasunak heroi kontsideratu zituenak.

Gaian sakondu aurretik, ordea, irakasleak garbi utzi nahi izan ditu XIX. mendean heroiei atxikitzen zitzaizkien ezaugarriak. Horietatik nagusiena da, dio Arrietak, “nork bere bizitza aberriaren ongiaren alde emateko nahia”. Asko eta asko izan dira heroiak historian zehar, baina Arrietak azpimarratu du bereizketa generoan dagoela, bereziki. Izan ere, gizonezkoak indarrarekin edo arrazoimenarekin lotu izan dira, eta emakumezkoak, aldiz, lanarekin, sumisioarekin edo sentsibilitatearekin. Historialariak dio Sabino Aranari “beharrezkoa” iruditu zitzaiola bere mugimendu nazionalistari “Juana de Arco propioa” ezartzea, eta horregatik sortu zuela Libe antzezlana 1902an. Antzezlana euskal neska eta Gaztelako mutil baten arteko maitasun istorioan oinarrituta dago eta, horren bidez, Aranak euskal arraza garbi baten aldeko mezua azpimarratu nahi du, baita emakumearen amatasunak bertan duen garrantzia ere. Hori horrela, antzezlanaren bigarren zatian Libek, maitasunean egindako akatsaz konturatu eta, aberriaren alde borrokatzeari ekiten dio; azkenean, guda horretan hiltzen da eta heroia bihurtzen da.

30833921

Hala ere, 1903. urtean eta Arana hil ondoren, “testuinguru soziala eta genero diskurtsoa aldatzen hasi ziren”, dio historialariak. Horren erakusle dira, besteak beste, 1922an Emakume Abertzale Batzaren sorrera edota 1931an Espainiako emakumeen boto eskubidearen onarpena. Testuinguru horretan, Arrietak Euzkadi aldizkariko hainbat ale aztertu eta hiru taldetan sailka daitezkeen heroiak aurkitu zituen. Lehenengo taldean aberriarekin zerikusirik ez duten heroiak kokatzen ditu historialariak.  Bigarrengoan beste herrialdeetako emakume heroiak kokatzen ditu eta, azkenengoan, aldiz, euskal aberriari lotutakoak, izaera isil eta menpekodunak. Azken taldean kokatzen du aldaketa Arrietak. “Heroi indibidualak izatetik, heroi kolektiboak edukitzera igarotzen da euskal kultura”, gaineratu du. Historialariaren arabera, fase horren momentu gorena Polixene Trabudua eta Hydée Agirre atxilotu zituztenean dago. Izan ere, EAJk momentu horri etekina ateratzeko asmoz, omenaldi bat antolatu zion euskal emakumeari (Homenaje a la Madre Vasca), berriro ere emakumeen beharra azpimarratzeko asmoz.

Testuinguru horretan, aldaketa sozial hori nabarmendu nahi zuenik ere egon zen. Historialariaren arabera, horietako bat izan zen Manuel de la Sota poetagilea. Azken horrek Libe antzezlana moldatu zuen, Arrietaren esanetan, “drama eta odol asko” sartuta. Libe pertsonaia bera ere isilagoa eta gozoagoa da bigarren bertsio honetan, eta amatasuna azpimarratzen du Kuliska pertsonaiarekin. Honek garrantzia hartzen du, batez ere amaieran. Izan ere, Sotak trasmititu nahi duen mezua irudikatzen du: “Ez zarete umezurtzak, aberria, Euskadi, zuen ama da”. Euskal gizartearen aldaketa txiki horiek, ordea, erabat zapuztuta geratu ziren 1936ko gerra zibilarekin batera, baita Liberen istorioa bera ere.

 

Mireia Galarza 23 argitalpen
Komunikazioko ikaslea · Infocomerako bekaduna 2018/2019an