Eider Saez Izquierdo (Lazkao, 1998) Komunikazioko Graduko hirugarren mailako ikaslea da. Horrez gain, Nøgen musika talde ospetsuko abeslaria ere bada. Baina ez du abestu bakarrik egiten. Komunikazioari lotuta dauden bestelako lanez ere arduratzen da lazkaotarra. Zentzu horretan, Komunikazioko Gradua ikastea onuragarria izan dela dio.
Zertan lagundu dizu komunikazioak musika munduan?
Musika komunikazio tresna bat da, ederra oso. Hala ere, bertatik zailena buruan dituzun ideia guztiak antolatu eta horiek paperean idaztea da. Komunikazioko Graduak, zeharka bada ere, ideiak ordena batean jartzeko eta horiek hartzailearengana hobeago iristeko konpetentziak eman dizkit. Bestalde, alderdi teknikoagoan ere lagundu dit, taldean komunikazioari lotutako zereginak ere egiten baititut.
Zer egiten duzu zehazki?
Taldean ardurak banatzen ditugu eta bakoitza gai zehatzetaz arduratzen da. Hala ere, denbora asko igarotzen dugu elkarrekin eta denok dugu gertatzen denaren berri. Nire zereginak taldeko komunikazio digitalera zuzentzen dira, hain zuzen ere, sare sozialez eta webguneaz arduratzen naizelako. Bestalde, promozioarekin ere laguntzen dut.
Tresna egokiak al dira sare sozialak musikarientzat beraien zaleekin harremana edukitzeko?
Sare sozialek guk egiten dugun lanak zenbaterainoko oihartzuna eduki duten ikusteko balio digute neurri haundi batean. Betiere faktore gehiago izan behar dira kontutan jendearen harrera neurtzeko, noski. Baina orokorrean, sare sozialek zaleengana gerturatzen dituzte musikariak eta harreman estuago eta gertukoago bat eraikitzen laguntzen dute. Tresna oso baliagarriak dira musikaz gain, beste hainbat ideia partekatzeko eta horiek duten erantzuna ikusteko balio dutelako. Azkenean, zaleekin “elkarrizketa” bat sortzen da eta oso aberasgarria da esperientzia hori bai guretzat, eta bai zaleentzat.
Musika bidez ala bestela komunikatzea duzu nahiago?
Musika bidez komunikatzea oso ederra dela iruditzen zait, elementu asko sartzen baitira jokoan. Musikak asko eman dit niri eta sentimenduak eta pentsamenduak askatzeko bide bat dela iruditzen zait. Beraz, esango nuke musika bidez komunikatzea nahiago dudala, minutu gutxi batzutan, elementu desberdinekin jolastuz asko esan daitekeelako. Gainera, musika hizkuntza unibertsala dela diote, beraz, erabilitako kodea ulertu gabe ere edonorekin komunikatzea ahalbidetzen du. Dena den, esan beharra daukat idaztea ere asko gustatzen zaidala.
Musikatik bizitzea gustatuko litzaizuke?
Ez zait gehiegi gustatzen etorkizunean pentsatzea, inoiz ez baitakigu bizitzak nora eramango gaituen, baina edozein musikariren ametsa dela esango nuke. Hala ere, oso zaila da musikatik bizitzea gaur egun. Askotan ez gara ohartzen atzetik dagoen esfortzu, sakrifizio eta lan guztiaz, eta noski gustatuko litzaidakela nire denbora guztia honi eskaini ahal izatea. Hala ere, gustora egiten dudan zerbait da, eta esaten den moduan gustuko lekuan aldaparik ez dago. Orainari begiratuta, ordea, oso pozik nago egiten dudan guztiarekin.