Laneko ibilbidea goi mailako ikasketetan ari zinela hasi zenuen. Bokaziozko kazetaria zarela esan daiteke, eta bazenekiela. Noiz eta zelan sentitu zenuen lanbide horretan aritu nahi zenuela?
Txiki-txikitatik oso teatreroa izan naiz eta beti sentitu dut itzelezko jakin-mina nire inguruan zer gertatzen den ondo ulertzeko eta besteei kontatzeko. Kazetaritzari lotutako lehenengo oroitzapenak aitonekin dute zerikusia. Jesusek, amaren parteko aitonak, sukaldean edo oherako garaian pizten zuen irratia. Eta Mikelek, aitaren aldeko aitonak, egunkariak irentsi egiten zituen, sofan gogoratzen dut, irainka, eguneko hitz-gurutzatuekin borrokan edo zatiak mozten gero artxibatzeko. Baina uste dut bokazioa 16 urte nituela erne zitzaidala, 2007ko Frantziako hauteskundeekin, Nicolas Sarkozy eta Ségolène Royal lehiatu zirenean. Gogoan dut egunero jarraitzen nuela eta “nik ere halakoen berri eman nahi” izaten nuela. 10 urte geroago, Pariseko Louvre Museoan nengoen, Emmanuel Macronen garaipenaren berri zuzena ematen. Oraindik harrituta nago.
2013an amaitu zenituen unibertsitateko ikasketak eta garrantzizko bi sari lortu zenituen: Karrera Amaierako Kutxa Sariaren XXXVII. edizioa eta Kazetaritzako V. Eurobask Saria. Zer sentitu zenuen une horietan? Konturatzen zinen etorkizunak zer ekarriko zizun?
Zazpi urtetan hainbeste aldatu da dena, denboran oso urrutiko sentitzen ditut. Baina gogoan dut bi uneak emozioz eta esker onez bizi izana. Eta, batez ere, zoriontsu, maite nituenekin ospatu nituelako, baina ez nuen sentitu ez sari bat ez bestea niretzat bakarrik zenik. Jende bikainaren lana, babesa eta kidetasuna biltzen dute sariok. Eta etorkizunari buruz… Guk krisiaren larrienean egin genituen ikasketak eta 2013an graduatu ginen. Etorkizun kezkagarria, prekarioa eta aukera gutxikoa genuen aurrean. Arrautza oskoletik ateratzen zareneko beldur naturala genuen eta munduaren aurrean testuinguru kaltegarrian agerian geratzekoa. Gauzak, oraingoz, ondo doaz, baina saiatzen naiz bertan gozo ez geratzen, ezer emantzat ez ematen, oinak lurrean izaten eta etengabe garatzeko eta berrasmatzeko jarrerarekin bizi izaten.
2014tik EiTBren berriemailea zara europar hiriburuan. Kontatuko zeniguke zein izan den sei urteotan bizi izan duzun lanbideko egoerarik latzena eta zein izan den kazetaritzako egoerarik pozgarriena?
Gehien betetzen nauena zerbitzu publikoa ematea da, Bruselako berriemaile izatera mugatu gabe. EiTBren Iruñeko ordezkaritzan lan egin nuenean ere berdin pentsatzen nuen. Europar informazioa entzulearengana era sinple eta didaktikoan iristea, zorroztasunean, kontestualizazioan eta espiritu kritikoan batere galdu gabe. Eta hori guztia, jabeturik garrantzitsua dela entzuleek jakitea zer ari den gertatzen hemen eta garrantzizkoa dela erakundeetako ordezkariek ere jakitea euren jardun politikoak ahaztu ezin dituzten ondorioak dituela, sarritan horretan saiatu arren.
Baina, bestela, beti esaten dut Charlie Hebdó-ren kontrako erasoarekin eta 2015eko Greziako krisiarekin heldu nintzela. Oso markatuta utzi ninduten biek, Europako berriemaile nintzela jorratu nituen lehenengo gai handiak izan zirelako. Baina bost urte eta erdian denetarik ikusi eta kontatu dut. Atentatu bakoitzak eta poliziaren operazio bakoitzak markatuta uzten zaitu: Parisen, Nizan eta Bruselan -azken horrek bereziki ukituta utzi ninduen-. Baina ez dut sekula ere ahaztuko, ehunka errefuxiaturen irudia, Roszke-ko trenbidean oinez, Serbia eta Hungariako mugen artean. Edo Macronek eta Merkelek hauteskundeetan irabazi izana 2017an. Edo Genevan egon izana eta ETAren disoluzioaren jakinarazpena zuzenean irakurri izana. Edo eskoziar whiski tabernak, Irlandako muga edo Ingalaterrako hego-ekialde eurofoboa korritu izana, Brexitaren aurreko egunetan. Hainbeste eta hainbeste gai sinestezin. Gehien gozatu eta libreen sentitzen naiz, berri emanaldi berezietan, batetik bestera joan eta jendearekin hitz egiten.
Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei zaletasuna lanbide bihurtzeaz?
Ez dut uste nor naizenik inori ezer gomendatzeko edo aholkatzeko. Pertsona bakoitza da bere bizitzaren jabe, hartzen dituen eta ez dituen erabakien jabe. Ni saiatzen naiz egunean-egunean nire lanbidearekin konprometitzen eta irrati-etxeei erantzuten, baita entzuleei begira ere, lan serioa, duina eta zorrotza eginez, gozatuz, diberdituz eta umore senez. Eta gogoan izaten dut gure lanaren balioa: Ez dugu surik itzaltzen, ez bizitzarik salbatzen, ez iraultzarik egiten; baina umiltasunez pentsatu nahi dut gure lana garrantzizkoa dela. Eta uste dut hau edozein lanbidetara eta lanbideko edozein karreratara aplikatu daitekeela.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizugu zure bizitzaren zati bat gurekin partekatzeagatik. Azken galdera bat egingo dizugu: zer oroitzapen duzu Deustuko Unibertsitatean eman zenituen urteez?
Unibertsitatekoa, bizitzako garairik politenetarikoa izan zen. Ederto gogoratzen dut aurkezpeneko lehen eguna -berandu iritsi nintzen trena galdu nuelako- lehenengo lanak eta azterketak. Nerabezarotik gaztaro-helduarorako zubia izan zen niretzat, eta nire pentsaera eta mundua ikusteko era betiko berrantolatu zuen, baita munduarekin konprometitzeko nire modua ere.
Baina, gauza guztien gainetik, garai horrek jendea eman zidan. Bidean nirekin gurutzatu zirenak eta nire ondoan jarraitzen dutenak. María, Eukene eta Nagore izan nituen ondoan, hiru emakume zoragarri. Beti egiten nuen lan haiekin, egunero ikasten nuen haiengandik; maite ditut eta munduaren azkeneraino jarraituko nieke. Talde perfektua gara, eta haien oroitzapena da unibertsitateko ibilbidea bikain laburbiltzen duena: edozein astetako edozein egunetako goizaldeko ordu biak, talde-lana amaitzen sozietate gastronomiko batean, eztabaidan, kontrastatzen eta idazten, eta gure irudimena eta eldarnio aitortu ezinak azken mugara eramaten. Eta hori guztia patata minak, ganorazko afari bat eta, batzuetan, premia gorriko kasuetan, patxaran txupito baten ondoren.
Komunikazioko Gradua (prom.: 13) egin zuen Deustuko Unibertsitatean. Karrera amaierako XXXVII. Kutxa Saria lortu zuen Bakegintza eta EB: Irlanda eta Euskal Herriko kasuak atalean, proiektu honekin: “Pacificación europea: De Belfast a Gernika”. Eta Kazetaritzako V. Eurobask Saria erreportaje honekin: “Europa: metafisikatik pragmatismora”, 2012ko maiatzean Igandea aldizkarian argitaratu zenagatik. Ikasketak amaitu aurretik kazetaritza munduan buru-belarri sarturik zegoen, lehenengo praktiketako ikasle moduan, eta gero kontratu txikiekin, freelance edo boluntario Berria egunkarian, Euskadi Irratian, Arraio Irratian eta Lokarri Elkartean. ERASMUSean, “The Waterfront” Swanseako Unibertsitateko Ikasleen Elkarteko aldizkariko erredaktore izan zen. Ikasketak amaitu ondoren, EiTBk kontratatu zuen eta 2014tik Bruselako berriemailea da, eta EBko eta NATOko berrien jarraipena egiten du Euskadi Irratirako eta Radio Euskadirako.