“Agur Etxebeste!” filma aurkeztu dute Asier Altunak eta Telmo Esnalek

IMG_5454
Filmeko partaideak.

 

Pasatu dira urte batzuk Aupa Etxebeste! film arrakastatsua estreinatu zutenetik. Orain, 15 urte geroago, Telmo Esnal eta Asier Altuna zuzendariak buru belarri dabiltza laister estrenatuko den filmaren bigarren zatian. Hori horrela, Deustuko Unibertsitatera hurbildu ziren asteartean, hilak 27, filmaren nondik norakoak ikasleei kontatzeko asmoz.

Gerturatu ziren ikasleak testuinguruan jartzeko asmoarekin, lehenik eta behin,  antolatzaileek bideo bat jarri zuten ikasleek jakin ahal izateko zinema munduko hainbat erreferenteren hitzetan Aupa Etxebeste! filmak zer suposatu zuen euskal gizartean. Behin ikasleak kokatuta, bigarren filmari buruzko beste pare bat bideo jarri zituzten, eta bertan, prozesuaren nondik norakoak, grabaketa egunak edota aktoreen nahiz produkzio lantaldearen esperientziak ezagutzeko parada izan zuten ikasleek.

Zuzendarien arabera grabaketak iraun zuen bitartean “oso giro polita eta erosoa” sortu zen lantaldearen artean. “Giro ederra sortze horretan zeresana eduki dezake aurreko filmeko ia ekipo bera eduki dugula azpimarratzeak”, dio Asier Altunak. Hain zuzen ere, abuztuan hasi eta sei aste inguru iraun zuen grabaketak eta ekainerako pelikula amaituta izango dutela uste badute ere, “pisua” banatzaileetan dagoela azpimarratu du Telmo Esnalek. “Gure helburua Donostia Zinemaldiaren hurrengo edizioan aurkeztea da, erakusleiho polita izan daitekeelako finantziazio askorik ez daukan euskal film batentzat”, gaineratu du zarauztarrak.

Agur Etxebeste!, ordea, ez da izan zuzendarien arabera azken urteetako kontua. Altunak dioenez, “aspalditik” ari ziren ekoizleak bigarren zati bat egiteko eskatzen. Zarauztarrak eta bergaratarrak, ordea, beste proiektu batzuk zirela medio, aukerari uki egin behar izan zioten. Pelikulak 10 urte bete zituenean ekoizleak berriro “ate joka” hasi zirela dio Altunak, eta ideia bati bueltaka hasi eta gaur arte jarraitu dute lanean. Zuzendariek aurreikuspen “positiboak” egin dituzte filmaren inguruan, eta badituzte arrazoiak horretarako. Izan ere, azkenengo urteetan teknikoak profesionalizatzen jarraitu eta zinema inguruko euskal teknikoak puntu “oso onera” iritsi direla uste dute bi zuzendariek. “Horrek euskal zinema industria txiki eta txukun bat sortarazi du”, gaineratu du Esnalek.

Bigarren zatiak “zailak” direla aitortu arren, “gogotsu” agertu dira zuzendariak bigarren filmaren aurrean, eta herritarrak zinemetara joatera animatu dituzte. Izan ere, zuzendariek dioetenez, “bigarren filmean ere humorea izango da ardatza, eta familia kinka larrian jartzen duen gaurkotasunezko beste egoera bat humorez bizitzeko aukera izango dute”

Mireia Galarza 23 argitalpen
Komunikazioko ikaslea · Infocomerako bekaduna 2018/2019an