Bat gehiago eta bat gutxiago

Graduatu ziren 97 ikasleen argazkia, Loiola Centrumen (El Diario Vasco)

Ia hiru aste pasatu dira Komunikazioko Graduko ikasleek inbestidura ekitaldia ospatu zutenetik. Hain zuzen ere, otsailaren 2an ospatu zen ekitaldi berezia. Komunikazioko Graduko ikasleez gain, Donostiako Campuseko Loiola Centrum eraikinean elkartu ziren Turismoko nahiz Gizarte Laneko ikasleak. 12:00etan hasi zen ekitaldia, eta giroa alaitzeko asmoz Nogen musika taldeak kontzertu txiki bat eskaini zuen; Nora, Gertu eta Enarak abestiak jo zituzten. Ekitaldia amaitu ostean, asko eta asko familiekin bazkaltzera joan ziren. Afaltzeko, berriz, ikaskideekin elkartu eta, ondoren, parranda batekin eman zioten amaiera egunari.

Hilaren bian graduatu ziren ikasleetako bi dira Irati Binue iruindarra eta Aizea Paulin oiartzuarra. Bientzat oso egun “berezia eta hunkigarria” izan zen, lau urtetan bizitako ikaskideekin berriz elkartu zirelako eta unibertsitateko etapari amaiera polita ezarri ziotelako. Binueren arabera, familiarentzat ere “egun garrantzitsua” da, beraiek ere lau urtetan zehar seme alaben “momentu zailenak” bizitzen dituztelako. Gainera, Paulinen hitzetan irakasleek ere “paper erabakigarria” hartzen dute lau urtetan zehar eta berriro ikustea “oso pozgarria” da ikasleentzat. “Bizitzako etapa baten amaiera da, baina beste baten hasiera ere bai” diote biek.

Eta gero zer?

Gradua aurreko ekainean amaitu ondoren, hainbat bidetatik jo dute Binuek eta Paulinek. Iruindarrak, praktikak abuztuan amaitu ostean, lan munduan jarraitu nahi zuela erabaki zuen. “Horrek ez du esan nahi egunen batean berriro zerbait ikasiko ez dudanik”, gaineratu du Binuek. Ikasturte berriarekin batera, Cr Komunikazio Agentziatik deitu zioten iruindarrari eta urte amaiera arte bertan egon da lanean. “Asko” ikasi duela dio hilabete horietan. Hala ere, konktratua amaitu zitzaion eta, egun, lan bila ari da. “Lan gabe egoteak beldurra sentiarazten digu ikasleoi, baina hortik ere pasa behar dugu, aukerak lehenago edo beranduago iristen direlako”, azpimarratu du. Binue, lan bila ari den bitartean, ordea, ez dago geldik. Izan ere, hizkuntzak ikasteko aprobetxatzen ari da.

Aizea Paulinen errealitatea bestelakoa da. Aurreko urteko otsailean hasi zituen praktikak Euskadi Irratiko Faktoria saioan, eta bertan kolaboratu zuen abuztura arte. Paulinek ere “pila bat” ikasi zuela dio eta, gainera, aitortu du lehen momentutik sentitu zela lantaldearen parte, horiek feedback-a ematen baitzioten une oro bere lanaren inguruan. Paulinek, Binuek ez bezala, ikasten jarraitu du. “Multimedia Komunikazioa Masterra ikasten ari naiz, garbi daukadalako hedabideak direla nire bidea”. Paulinek garbi dauka, era berean, euskal publikoari zuzenduta dagoen hedabide batean egin nahi duela lan; hori dela eta erabaki zuen EHUk eta EITBk elkarlanean daramaten masterra ikasten hastea. “Ez dakit non amaituko dudan, baina komunikazio mundua hazten eta eraldatzen ari da eta etorkizunean aukera asko edukiko ditugula iruditzen zait”.

Mireia Galarza 23 argitalpen
Komunikazioko ikaslea · Infocomerako bekaduna 2018/2019an