«Joxepa Antoni Aranberri bertsolaria, plazandre feminista?» artikulua neskazaharren esterotipoaren azterketa egiargitaratu berri dut Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolari ikertzaileek editatutako Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen liburuan.
Bertsolaritzaren eta feminismoaren uztarketa aipagai den honetan, gogoetarako eta eztabaidarako materiala biltzea da liburu honen helburu nagusia. Alde batetik, egin diren eta egiten ari diren zenbait ikerketa eta hausnarketari leku propioa egin eta ikusgarritasuna emateko. Eta bestetik, etorkizuneko gogoetak bideratu, zorroztu, osatu zein zabaltzeko nolabaiteko abiapuntua proposatzeko.
Perspektiba feministaz hitz egitea ez da kontu berria bertso-munduan, eta mugimendu zein akademia feministaren eta bertsolaritzaren arteko lotura ere ez da oraintsuko kontua. Baina, azken urteotan bertsogintzaren zein bertsolaritzaren irakurketa feministek oihartzun handiagoa lortu dutela dirudi. Irakurketon oihartzuna da, ordea, askori heltzen zaiguna. Eta liburu honetan hotsen iturburuetara jo nahi izan dugu: bertso-mundua feminismotik aztertzen duten hainbat gogoeta-lan interesgarri dira hemen bildutakoak, entzun nahi dituenarentzat irakurgarri.
Joxepa Antonik neskazahar izatearen harrotasuna defenditzea ez dago zertan ordenaren kontrako aldarritzat hartu; ezarritako ordenari eusteko beste modu bat izan daiteke, neskazaharren kategoria berdefinitzeko, eta, aldi berean, neskazaharren estereotipoa pitzatzeko modua.
Ohartuki ez egin arren, feminismoa zer zen jakin gabe ere (eta, beharbada, jakin izan bazuen ere), ez zitzaion guztiz egokia irudituko, baina Joxepa Antoni Xenpelar emakume bertsolaria emakumeen eta feminismoaren laguntzailea gertatu dela erakutsi uste dugu.
Eta, hondarrean, garrantzitsuena da BDBko datuek erakusten duten joera. Egun 529 (%21) emakumezkoren eta 1.991 (%79) gizasemeren izenak daude jasoak, orotara. Lehen jaso bezala, 1800-1899 urte bitartean, 19 emakumezko (%14) eta 116 gizasemerenak (%86). 1900dik honantz, 227 emakumezkoren (%21) eta 810 gizonezkoren (%78) izenak. Baina 1980tik honantz sumatzen da aldaketa gaitza: 150 emakume (%33) eta 298 gizonezkoren (%64) izen.
Oraindik ere zeregina badagoela ukatu gabe, itxaropenerako bidea zabaltzen dute datuok. Joerari eusteko guztion bultzada ezinbestekoa da, izan bertsolari, bertso-jartzaile, entzule, nahiz izan ikertzaile. Lan hau, bere txikian, lagungarria gertatuko ahal da!