Etxepare Euskal Institutuak University of Chicago-n duen Koldo Mitxelena Katedraren 2015-2016 programa akademikoa abiatzear da. Ipar Ameriketako unibertsitate-esparruan euskal ikasketak zabaltzea xede duen katedrak honek euskal zinemagintzari erreparatuko dio aurten, Pilar Rodríguez (Deustuko Unibertsitatea) eta Rob Stone (University of Birmingham) irakasleen eskutik.
Maiatzaren 6tik ekainaren 5era arte burutuko den ikastaroak euskal zinemagintzaren lan eta gai nagusiak izango ditu hizpide, hastapenetatik gaur egunera arte, lau alor zehatzi arreta berezia eskainiz: euskal nazioaren sorkuntza pantailan, terrorismoaren errepresentazioa, euskal zinemagileen bigarren belaunaldia eta film garaikideak -Kimuak programako film laburrak nahiz Euskal Herrian zein diasporan sortutako lanak-.
Etxepare Euskal Institutuak 2012. urtean sortu zuen Koldo Mitxelena Katedra University of Chicago-ko Division of Humanities atalean txertatua dago, eta ikasturtero entzute handiko euskal irakasleren bat hartzen du, euskal ikasketa humanistikoekin zerikusia duten eskola, mintegi eta hitzaldiak eman ditzan. Etxeparek bost katedra ditu mundu osoko unibertsitate ezberdinetan.
Informazio gehiago: Euskal Zinema: historia politiko eta kultural bat ›