Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Deustuko Unibertsitateak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur. Helburua izan da bi erakundeen indarrak batzea eta bai ikertzaileari eta bai gizarteari unibertsitate mailako jakintzak euskaraz helarazteko aukera sustatzea.
Hitzarmena Donostiako Deustuko Unibertsitateko Gradu Aretoan sinatu da, goizeko 11tan. Bertan izan dira Jose María Guibert errektorea, Iñaki Alegria UEUko zuzendaria eta Nerea Mujika Euskal Gaien Institutuko zuzendaria. Elixabete Perez, Itziar Navarro eta Xabier Landabidea ere mintzatu dira ikertzaile eta irakasle ikuspegitik, euskarak mende honetan duen lekua aztertzeko.
Iñaki Alegriak azaldu du aurrerapauso handiak eman direla euskararen zabaltze prozesuan, baina oraindik badagoela zer hobetzeko: hutsunea dagoela adierazi du, euskaraz aritzeko eta ikertzeko aukera askorik ez egoteagatik.
Euskal Gaien Institutuko zuzendariak euskarak Deustuko Unibertsitatean izan duen, egun duen eta etorkizunean izatea nahi duten paperaren inguruan aritu da. Horretarako, Deustu bera euskara eta euskal kultura zabaltzen aitzindaria dela gogorarazi du: 70eko belaunaldia ekarri du gogora, eta Euskal Kultur Mintegiaren (EKM) sorrera. Oro har, taldearen emaitzak goraipatzekoak direla adierazi du. Bestela ere, ordutik erakunde gehiago sortu direla azpimarratu du; esate baterako, Dto. de Estudios Vizcaínos (egungo Euskal Gaien Institutua), Euskal Filologiaren Lizentziaturaren aukera, Euskal Irakaslegoa… Euskal kulturari eta euskarari behar zuen lekua ematen saiatu direla azaldu du, eta horretarako, irakasteko, ikertzeko eta zabaltzeko jarduerak egin direla.
Ibilbidea oroituz, euskara eta euskal kultura sustatzeko eta zabaltzeko ahaleginak egingo dira, eta Unibertsitatetik at dauden eta bertan daudenen arteko zubi-lana egitea da oraingo xedea: hitzarmena hizpide, IkerGazte da UEUrekin elkarlanean egingo den lehen urratsa, ibilbide oparoa dago aurretik. Bide horretan, EHU bidelagun izango da.
Elixabete Perez Ikerketa eta euskarari buruz mintzatu da. Hain zuzen, bi elementu horien artean osa daitezkeen hiru konbinazioez: euskara erdaraz ikertzeari dagokio; euskara euskaraz ikertzeari dagokio; eta edozein ikergai euskaraz ikertu eta argitaratzeari. Ondoan, Deustuko Unibertsitateak zer bide egin duen azaldu du, eta bukatu du esanez, Euskal Herriko unibertsitateek bere ikertzaileek euskaraz iker eta argitara nahi badute, babesa nahikoa eman behar dietela.
Jarraian, Itziar Navarro Ekonomia eta Enpresa Zientzien fakultateko irakasleak euskarazko argitalpenei buruz aritu da, eta Deustuko Unibertsitatearen kalitateko irakaskuntzaren garrantzia azpimarratu du; horretarako, ordea, euskarazko ikasgaietako edukien beharra egon badagoela adierazi du. Ahaleginak egin dira, sortutako edukiak euskal hiztunen artean partekatu dira… Elkarlan paradigma batetik azaldu du diskurtsoa.
Bukatzeko, Xabier Landabidea Euskal Gaien Institutuko Ikerlariak ikerketa eta ikerlariari buruzko hitz jolasa egin du azalpenerako. Adierazi du ikerketarik gazteena, berritzaileena, euskaraz egiten dena eta euskaraz egingo dena dela, arlo guztietan. Euskaraz ikertzen, pentsatzen, argitaratzen, eztabaidatzen eta eztabaidatuko dena izango da. Ondoren, gazte ikerlariei buruz aritu da, eta adierazi du hizkuntza gaztea dela gaztearenak direlako erronkak.
Ekitaldia hitzarmenaren adostasunarekin eta sinadurekin amaitu da.