Historia eta zuzenbidea izan ziren ardatz nagusiak Euskal Herriko Unibertsitateko UNESCO katedrak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatutako jardunaldietan. Hasi aurretik, José Antonio Rodríguez Ranzek, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Kooperazio kontseilariordeak, eta Jon Mirena Landa Gorostizak, Euskal Herriko Unibertsitateko UNESCO katedrako Giza Eskubide eta Botereen zuzendariak, hurrengo bi egunetako ekitaldia aurkeztu zuten. Aurkezpen honetan Ranzek jardunaldien helburua argi utzi zuen: “Memoria duen etorkizun baten eraikuntzan ekarpena egitea”.
Urriaren 21ean, jardunaldietako lehenengo egunean, historia izan zen protagonista. Bilboko Mitxelena Auditorioan maila handiko hainbat historialari eta aditu bildu ziren, memoria historikoaren gaineko eztabaida eta kolaborazio giroa lortzeko helburuarekin. Lehen saio hauetan ibilbide historiko bat egin zen, frankismo berantiarretik hasita parlamentarismoan bukatuz, trantsizioa eta demokraziaren ezarpenetik igarota. Eider Landaberea irakasleak 1979tik 2011ra arteko etapa hartu zuen ardatz. Gernikako Estatutuaren onarpenetik ETAk borroka armatua bertan behera utzi zuen arteko ibilbide gatazkatsua aurkeztu zuen, “Violencia política en Euskadi: diferentes etapas, diferentes protagonismos (1979-2011)” izeneko komunikazioaren bidez. Bitarte horretako gertakari historikoak hainbat une garrantzitsu azalduz sintetizatu zituen; hala nola, 1981eko ETAren kontrako manifestazio masiboa, Ajuriaeneako Ituna edo Miguel Ángel Blancoren erailketa eta ondorengo protesta jendetsuak.
Landabereak, ibilbide historikoa egiteaz aparte, gai hauetan historialariek jokatzen duten papera goraipatu zuen. Bere esanetan, duela gutxi gertatutakoa azaldu eta aztertzeko historialariengana jo beharrean, politiko, kazetari edo lekukoengana jotzen da gehienetan. Historialariek ere esatekoa daukatela defendatu zuen, batez ere gertatutakoaren zergatiei erantzuna ematerakoan. Gainera, ez dira jarrera edo jokaera askoren zergatiak eman, ezta hainbeste sufrimendu eragin duten arrazoiak ere. Orduan, jende askok ulertzen ez dituen gertaerei erantzuna bilatu eta eman behar die historiak. Zeregin honetan, oso paper garrantzitsua joka dezakete historialariek.
Deustuko irakasleak beste auzi bat mahaigaineratu zuen. Euskal Herrian egondako gatazka politikoari buruz askotan errepikatu den esaldi bat zalantzan jarri zuen: “Euskal gizarteak beste alde batera begiratu zuen”. Hain dimentsio handiko auzi batean esaldi orokortu hauek erabiltzearen arriskua azpimarratu zuen Landabereak. Bere ustez, honelako esaldiak askoz gehiago zehaztu behar dira. Euskal gizarteak ETAren aurrean izan zuen jarrera ezin da bakartzat hartu, eta are gutxiago horrelako esaldi ahul batekin definitu. Baliteke euskal gizartearen zati batek jarrera hori izatea, baina ezin da hain erraz orokortu. Lehen aipatutako 1981eko manifestazioak eta 90eko hamarkadako beste mobilizazio asko adibide bezala ipiniz, Eider Landabereak jardunaldian bildu zirenei esaldi horren inguruan pentsarazi zien. Bere hitzetan, errealitatea askoz konplexuagoa da, “txuriak eta beltzak” badaudela aipatu zuen, baina baita “gris mota asko” ere.
Azken batean, historiak galdera nagusi bat erantzun behar duela aipatu zuen Landabereak: zergatik iraun zuen hainbeste denbora gatazka honek? Batzuek alde politikoa aipatuko dute arrazoi moduan, beste batzuk guztiz kontra jarriko dira. Argi dagoena garai hartan euskal gizarteari egin zitzaion kalte atzeraezina da.