Egunero entzuten ditugu Errealaren inguruko albisteak, baina beti arlo berdinekoak izaten dira, alegia, futbolari buruzkoak. Izaera Txuri-Urdina kortometraiaren bidez Erreala hori baino gehiago dela aditzera eman nahi dugu; Gipuzkoa eta gipuzkoarren alde lan egiten duen, euskara bultzatzen laguntzen duen eta berdintasunaren inguruan lan egiten duen elkartea, esate baterako.
Errealak funtsezko lan hori bere fundazioaren bidez egiten du, beraz, ezinbestekoa iruditu zitzaigun gure kortometraia aurrera eramateko Real Sociedad Fundazioari buruzko informazioa bilatzea gure jakinduria zabaltzeko.
Izaera Txuri-Urdina kortometraiari esker, hainbat pertsona eta leku ezagutzeko aukera izan dugu. Zubietan, Reale Arenan eta Donostia Ospitaleko Zuzendaritzan izan gara eta bertan Andoni Iraola (Real Sociedad Fundazioako zuzendaria), Jokin Aperribay (Real Sociedadeko presidentea) eta Itziar Perez Irazusta (Donostia Ospitaleko zuzendari gerentea) elkarrizketatzeko ohorea izan dugu. Bestalde, Deustuko Unibertsitateko eta Sanseko jokalaria den Aritz Aldasororekin ere izan dugu solasaldia.
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiogu Real Sociedad Fundazioari, Deustuko Unibertsitateari eta baita gure lana aurrera ateratzeko lagundu diguten guztiei ere.