Maiatzaren 9an, larunbata, aurtengo Ate Irekien jardunaldietako azkena egiten ari gara Deustuko Unibertsitatearen Donostiako nahiz Bilboko campusetan. Datorren urtean goi mailako ikasketak hasiko dituzten ikasleek eta haien familiek gaur dute azken aukera gurera bisitan etorri, unibertsitatea bertatik bertara ezagutu eta irakasleekin Gradu ikasketei buruzko zalantzak argitzeko.
Urtero irekitzen dizkiegu ateak hainbat larunbatez, etorkizunean ikasle izango ditugunei. Aurtengo edizio hau, ordea, oso berezia da, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren markora egokitutako lehen Graduei buruzko azalpenak ari baikara ematen. Izan ere, Deustuko Unibertsitatean 2009-2010 ikasturtetik aurrera eskainiko dugu Boloniako prozesuaren ondorengo titulazio mapa berria, eta gure hezkuntza eskaintza etorkizuneko ikasle gazteei eta haien familiei behar bezala azaltzeak berebiziko garrantzia du.
Goizeko 10:00etan hasi eta 14:00ak bitartean, Deustuko Unibertsitateko Fakultate eta Eskola guztietako hainbat irakasle gure proiektuaren berri ematen ari gara. Komunikazioko ikasketei buruz, Jose Antonio Marin, Esther Zulaika, Elixabete Perez Gaztelu eta Ion Muñoa ari gara azalpenak ematen, P. Arrupe eraikuntzako 111. gelan. Horiez gain, Turismo, Gizarte Lana eta Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza graduei buruzko informazioa ere jaso daiteke bakoitzeko irakasleekin hitz eginda. Eta, Ate Irekien aurtengo azken jardunaldi honetan, Graduondoko ikasketei buruzko informazio xehetua edukitzeko parada ere bada. Bilbon, bestalde, hango titulazio berri guztiei buruzko xehetasunak ematen ari dira.
Bisitara etorri zaizkigun gazteek gurekin hitz egin eta zalantzak argitzeaz gain, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campus eder hau bisitatzeko eta instalazioak bertatik bertara ikusteko aukera ere izan dute.