Komunikazioaren Gizarte Historiaren II. Mintegia

2018ko ekainaren 22a

Jardunaldiaren triptikoa

letrak

Jardunaldiak hainbat proposamen egingo ditu, gure historiografian eta kultur ikasketetan gehiei landu ez den gai baten inguruan: zein komunikazio prozesuk hartu zuten parte Euskal Herrian, Erdi Arotik hasi eta gaur egunera arte?

Komunikazioaren garapena –inprentaren aurretik eta ondoren–, gaur egungo gizarte sareetara arte, funtsezkoa izan da gizarteen aldaketa eta modernizazio prozesuetan. Baina, paradoxa badirudi ere, komunikazioa ez da gehiegi aztertu Europako gizarteak modernitatera eta, ondoren, postmodernitatera igarotzeko egin dituen prozesuetan.

Hain zuzen ere, gure gaur egungo orainaldira arteko ibilbide luzean, komunikazioak prozesu erabakigarri ugari sortu zituen, testuinguru bakoitzari zegokion gizarte imajinarioaren osaera eta irudikapenean. Inprenta, posta, prentsa, telegrafoa, irratia, telebista, zinema eta sareak gizarte bizitzaren etengabeko azelerazioaren osagaietako batzuk dira. Bizitza horretan, gainera, etengabe ari gara egokitzen ahozkotasunaren, idazkeraren, entzuten dugunaren eta ikusten dugunaren erabilera eta agerpena.

Informazioa eta eduki sinbolikoak letren, koloreen, ikurren, zenbakien, irudien, soinuen, audioen eta antzeko beste prozedura batzuen bidez transmititzeak oraindik egoki aztertu ez ditugun ondorioak izan zituen. Jardunaldi hauetan, diziplina askotako elkarrizketaz baliatuz, testu eta testuinguru haien hizkuntzak eta
irudikapenak identifikatzen eta azaltzen ahaleginduko gara.

Jatorriz Euskal Gaien Institutuko blogean argitaratua

Elixabete Perez Gaztelu 9 argitalpen
Irakaslea · [:eu]Euskal Gaien Institutuko Zuzendaria[:es]Directora del Instituto de Estudios Vascos
ELIXABETE PEREZ GAZTELU Euskal Filologian lizentziatua eta doktorea (Deustuko Unibertsitatea). Gaur egun Deustuko Unibertsitateko irakasle titularra da eta Donostiako eta Bilboko campusetan irakasten du. Komunikazioko Graduan irakasgai hauek ematen ditu: Informazioaren eta Komunikazioaren Teoria I, Prentsa idatziko mezuak ekoiztea eta lantzea, Ahozko Komunikazioaren Lantegia eta Gradu Amaierako Lana (euskaraz eta gaztelaniaz). Hizkuntza modernoen eta Euskal hizkuntza eta kultura graduetan, berriz, Idazketa akademikoa. Bere argitalpenetan gai hauek landu ditu: Komunikazio-gaitasunak, hizkuntzaren erabilera komunikazioan. Azken urteotan gazte euskaldunen komunikazio idatziaren gaitasuna ikertzen aritu da lanean. Komunikazioko ikertaldeko kidea da. Eusko Jaurlaritzak B motakotzat onartua. Beste ikergai batzuk: IKT eta hizkuntzaren erabilera ahozko eta idatzizko komunikazioan. Euskal hedabideen hizkuntzaren erabilera.