Kazetaritzak markatutako eguna Deustuko Unibertsitatean, ‘Periodismo 2030’ taldearen eskutik

Joan den martxoaren 31n Deustuko Unibertsitatean ‘Periodismo 2030’ taldeak antolatutako ekitaldi bat ospatu zen. Sergio Martín eta Fernando Jauregui ditu bultzatzaile proiektu honek, eta xede nagusi bezala etorkizunera begira kazetaritza egiteko modu berri bat sortzea daukate, azken aldian komunikazio-panoraman izan diren aldaketa guztiak kontuan hartuta.

Deustuko Campusean egindako ekitaldia bi mahai-ingurutan banatu zen. Lehenengoa euskal prentsa idatziaren ordezkariek osatu zuten: Martxelo Otamendi, Berria egunkariaren zuzendaria; Iñaki Soto, Gara eta Naiz egunkarien zuzendaria; Juanma Velasco, El Diario Vasco egunkariaren zuzendariordea; Eduardo Iribarren, Noticias de Gipuzkoa egunkariaren zuzendaria; eta Jose Manuel Navarro, Crónica Vasca egunkariaren erredaktoreburua.

Bigarren mahai-ingurua Arantza Ruizek (EITBko erredakzioko zuzendaria), Eva Domaikak (Cadena SER Euskadi irratiaren edukien zuzendaria), Usoa Zubiriak (RTVEko erredaktorea) eta Andrea Abasolok (Onda Vasca irratiaren plataforma anitzeko edukien koordinatzailea) osatu zuten. Mahai horretan ikus-entzunezko komunikazioaren inguruko gaiak landu ziren nagusiki.

Partaideek Miren Gutierrez moderatzaileak proposatutako hainbat galderari erantzun zioten. Hainbat gai jorratu ziren, kazetarien egungo lan-baldintzetatik hasi eta prentsaren digitalizaziora arte, baita kazetaritzak informazioaren demokratizazioaren ondorioz jasaten duen sinesgarritasun-krisia ere.

Fernando Jauregui: “Kazetaritzaren munduan etorkizuna eta itxaropena ziurtatuta daude”

Lehenengo mahai-inguruan prentsa idatziaren inguruko gaiak izan ziren ardatz nagusiak, baina bestelako galderak ere egin zitzaizkien. Hasteko, sektore horretako lan-egoerari eta baldintzei buruz galdetu zitzaien, dudarik gabe ikasleriarentzat garrantzi handikoa den gai bat. Denek antzeko iritziak plazaratu zituzten. Martxelo Otamendik kazetarien komunikatzeko erantzukizuna azpimarratu zuen, komunikabideek gero eta influentzia gehiago duten garai hauetan zintzotasuna oso faktore garrantzitsua dela argi utzi nahi izan zuen. Jose Manuel Navarrok, Otamendirekin bat eginez, bokazioa eta informazioaren jabetza jo zituen ezinbestekotzat kazetaritza baliagarri baten aldeko prozesuan. Velascok, lan-egoera onena ez bada ere, konfiantza, gogoa eta esfortzua mantentzea eskatu zuen, haren ustetan hori baita kazetaritzan edozer lortzeko bidea. Fernando Jaureguik Velascok esandakoa babestu zuen, kazetaritzaren munduan “etorkizuna eta itxaropena ziurtatuta daudela” aipatuz.

Eduardo Iribarrenen iritziz, kazetaritzaren egoeraren beherakada agerikoa da, baina kazetaritzaren balioa eta prezioa estuki lotuta daude. Interneten publikoki argitaratzen diren edukiek ez dute balio handirik, kalitatezko kazetaritzak prezio bat izan beharko lukeelako bere ustez. Benetako errealitatea kokatzen duten eduki landuak ekonomikoki sarituak izan behar direla adierazi zuen Noticias de Gipuzkoa egunkariaren zuzendariak. Eduki periodistikoen zabalkuntza eta digitalizazioaren ondorioz, denek transmedia konponbideak bilatu behar izan dituztela onartu zuten, negozio-eredu tradizionala alde batera utzita. IKTek ekarritako informazioaren demokratizazioak egunkari fisikoen kontra egin du, eta betiko diru-sarrera iturrien bitarteko finantzaketa bertan behera geratu da. Iñaki Sotok aipatu zuen bezala, publizitatea, promozioak eta egunkari-salmenta jada ez dira nahikoak komunikabide baten estruktura tradizionala mantentzeko, eta hortaz, bide berri batzuk bilatu behar dira. Hala ere, Otamendik paperezko egunkariak daukan garrantzia goraipatu zuen, komunikabide ia guztiek bide hori mantentzen badute, oraindik ere errentagarria izaten jarraitzen duelako baita.

Iñaki Soto: “Zuzendaritza-postuetan dauden emakumeen kopurua handitzeak, estrukturak patriarkalak direla kontuan hartu gabe, ez du berdintasunaren arazoa konpontzen”

Kazetaritza femeninoaren egoerari tarte handia eskaini zitzaion lehenengo mahai-inguruan, nahiz eta apur bat kontraesankorra dirudien, gizonez betetako mahaia baitzen. Parte-hartzaile guztiek beren egunkarietan genero-berdintasun planak aurrera eraman dituztela aipatu zuten, bertan lan egiten duten emakumeen kopurua handitzearren. Bestalde, Iñaki Sotok, Gara eta Naiz egunkarien zuzendariak, oso gogoeta interesgarria mahaigaineratu zuen: “Zuzendaritza-postuetan dauden emakumeen kopurua handitzeak, estrukturak patriarkalak direla kontuan hartu gabe, ez du berdintasunaren arazoa konpontzen”. Arrakala honen arrazoiak askoz sakonagoak dira, egituretan daude, eta hortaz konponbideak askoz eraginkorragoak eta zehatzagoak izan beharko lirateke.

Usoa Zubiria: “Berehalakotasunak arriskuan jartzen du gaur egungo kazetaritza, sakontasunezko kazetaritza egitea mugatzen duelako”

Bigarren mahai-inguruan, aipatu bezala, ikus-entzunezko komunikazioa izan zen nagusi. Eztabaida horretako parte-hartzaileek sektore audiobisualean lan egiten dute, eta hortaz eskarmentu handiko pertsonen aholkuak jaso ahal izan zituzten Deustuko Unibertsitateko Komunikazioko Graduko ikasleek. Arantza Ruizek eta Eva Domaikak mezu baikor batekin hasi zuten bigarren saio hau. Aurreko mahai-inguruko partaideek esandakoa berretsi zuten: gogoak eta bokazioa badaude, aukeraz beteriko mundua da kazetaritzarena. Andrea Abasolo eta Usoa Zubiria komunikazioaren bilakaeran murgildu ziren, trantsizio-momentu batean gaudela aipatu zuten biek, non faktore berrietara moldatzea ezinbestekoa izango den kalitatezko kazetaritza bermatzeko. Bilakaera hau izan zen eztabaida-gai nagusia hurrengo ordu eta erdian. Ikus-entzunezko plataforma berrien bat-bateko eztandak ezustean harrapatu ditu komunikabide tradizionalak, eta honek ekarri duen audientzia galera gelditzeko, metodo berriak bilatu behar izan dira. Mahai-inguruko partaide guztiek adaptazioa eta komunikabide desberdinen arteko elkarbizitza jo zituzten jarduera ezinbestekotzat. Zubiriak, gainera, komunikabideak jada esklusiboak ez direla aipatu zuen. Bere iritziz, kazetaritza digitala multimedia da, hau da, irratia jada ez da soilik entzunezkoa, ezta prentsa soilik idatzizkoa ere. Komunikabide tradizionalak plataforma eta bide guztietara zabaldu dira. Komunikatzeko era berri honen inguruan gatazka berri bat sortu da, berehalako informazioa eta informazio landuagoaren artekoa. Domaikak aipatu zuen bezala, “Lehia basatia da, eta clickbait-ak hedabideei ahantzaraz diezaieke edukien preskripzioan jokatzen duten paper garrantzitsua”. Usoa Zubiriak ere Domaikaren alde egin zuen hurrengoa esanez: “Berehalakotasunak arriskuan jartzen du gaur egungo kazetaritza, sakontasunezko kazetaritza egitea mu gatzen duelako”. Arantza Ruizek, COVID-19aren pandemian albistegien audientziaren gorakadaren adibidea jarriz, kazetaritza landuak etorkizuna daukala adierazi zuen: “Gizarteak kalitatezko edukiak baloratzen ditu, mota horretako edukien aldeko apustua egin behar da”. Gaur egungo komunikazio-munduan, esklusiba lortzea da lehentasuna, albistea inork baino azkarrago kontatzea, eta honek informazioaren kalitatea eta sinesgarritasuna konprometitzen ditu. Arantza Ruizek argi utzi zuen: “Laburtasunak ez du informatzen”.

Andrea Abasolo: “Ibai Llanos nor den jakin behar dugu, baina ezin dugu jende adinduna alde batera utzi”

Komunikazioaren aro berri honetako beste protagonistek ere bere tokia izan zuten saio honetako eztabaidan: eduki-sortzaileak. Domaikak haienganako miresmena onartu zuen, gaztedira iristeko erraztasun handiagoa daukatelako. Andrea Abasolok, aldiz, pertsona adindunak baztertzeko arriskua gogoratu zuen, eduki-sortzaileek erabiltzen dituzten plataformetara sarbidea ez daukaten pertsonak. Gazteen eta zaharragoen arteko belaunaldi-tartea orekatu eta osatu behar dela berretsi zuen Abasolok: “Ibai Llanos nor den jakin behar dugu, baina ezin dugu jende adinduna alde batera utzi”.

Eva Domaika, adituen lanaren inguruan: “Beharrezkoak dira eta entzun behar diegu, haien iritziek eduki-sortzaileen hitzek baino pisu handiagoa dute. Guztion erantzukizuna da adituek esaten dutena sinistea”

Sinesgarritasun-krisia ere tratatu zen mahai-inguru honetan. Eduki-sortzaileen influentzia-gorakadarekin batera komunikabideen sinesgarritasunak behera egin du. Eva Domaikak adituen eta profesionalen papera defendatu zuen: “Beharrezkoak dira eta entzun behar diegu, haien iritziek eduki-sortzaileen hitzek baino pisu handiagoa dute. Guztion erantzukizuna da adituek esaten dutena sinistea”. Kazetariek aditu horien eta gizartearen arteko bitartekari bezala jokatu behar dutela aipatu zuen ere bai. Abasolok komunikatzaileen eta gizartearen arteko erlazioa tratatu nahi izan zuen, hartzailean enfasia ipiniz: “Askotan edukietan zentratzen gara hartzailean baino, eta hori aldatu behar dugu. Ez da jendeak entzun nahi duena esatea, baizik eta jendeak nola hartuko duen kontuan hartuta komunikatzea”.

Deustuko Unibertsitateko Komunikazioko Graduko ikasleek txalo zaparrada batekin eskertu zuten komunikatzaile hauen parte-hartzea. Ikasleek galderak egiteko tartea ere izan zuten, gehien kezkatzen dituzten auziak argitzeko aukera paregabea. Bete-beteko saioa izan zen, hurbildu ziren guztien komunikazio-ezagutzak aski handitu zituena.

Martin Ruiz 8 argitalpen
Komunikazioko ikaslea · DeustoKom Newseko bekaduna 2021/2022 ikasturtean

1 Comment

Egin ezazu iruzkin bat

Your email address will not be published.


*


Webgune honek Akismet erabiltzen du spama saihesteko. Nola prozesatuko dira zure iruzkinaren datuak?