Badakigu Euskal Filologia ikasi zenuela. Zergatik erabaki zenuen hori ikastea? Ikasketa horiek euskararen egoera hobeto ulertzen lagundu zizun?
Euskal Filologia ikasten hasi nintzenean dena erdaraz ikastetik nentorren, eta orduan niretzat ikasketa horiek izan ziren euskaraz ikasi ahal izateko helduleku bakarra. Orduan banuen euskararekiko kezka eta zaletasuna eta nire bizitza hortik bideratu nahi nuela, ona iruditu zitzaidan Euskal Filologia ikastea. Gero, bertan aurkitutakoa ez zen espero nuena izan. Nire ardurak euskararen normalizazioarekin zeuden lotuta, baina ikasketak aspektu linguistikoetan oinarritzen ziren erabat eta oraindik ere horrela gertatzen da. Irakasgai gehienak erdaraz egiten ziren eta gure kezka zuten gaiak ez ziren gehiegi jorratzen.
Euskararen bidegurutzetik liburuan euskararen erronkei buruz hitz egin duzu. Nolakoa uste duzu izango dela euskararen egoera etorkizunean? egungo egoera baino hobea ala okerragoa?
Nik zer nahi dudan eta zeren alde ari naizen borrokatzen argia da. Zer gertatuko den ez dakigu eta bidegurutzearen ideiarekin hori adierazi nahi dut. Gazteak dira, gutxienez Elkarte Autonomoan eta Nafarroa iparraldean, euskararen unibertsalizaziora iritsi diren lehen belaunaldia. Lortzen badugu ezagutzaren unibertsalizaziora iritsi den belaunaldiak hurrengo 10 urteetan euskararen erabileraren aldeko urrats nabarmenak ematea, orduan, euskara normalizatuta dagoen hizkuntzen norabidean ezarriko da; baina ez badugu lortzen belaunaldi horrek erabileraren aldeko urrats nabarmenak ematea, hurrengoek ikusiko dute beraien gurasoek euskaraz badakitela, baina ez dutela egiten eta orduan euskararen zergatia baldintzatuko dute. Horregatik gaude bidegurutzean, aukera handiak ditugu alde batera edo bestera joateko, eta Euskaraldia, esate baterako, dei bat da norabide bat hartzeko eta ez bestea.
Soziolinguistika Klusterraren txosten batek dio askok euskara eskolarekin lotzen dutela eta gaztelania matxinatzeko erabiltzen dutela. Zer iritzi duzu horren aurrean?
Bai, erabat. Topaguneko “Berrindartu eta jauzi” hausnarketa taldeak argitaratutako txostenean hezkuntza dela azken 50 urteetako euskararen elementu zentrala dio. Hezkuntzari beste esparru batzuei baino garrantzi handiagoa eman zaio, baina argi dago eskolak bakarrik ezin duela. Alegia, pertsona batek hizkuntza bat ikasteko orduan, hizkuntza horretan bizi, sentitu, barre eta negar egin behar du. Horrez gain, euskararen “asignaturizazioa” argia da, esate baterako; Araban eta Bilbo Handian. Gaur egun gazteek ez dute kontuan hartzen euskaraz bizitzeko duten aukera zabala, eta hori da euskara beraien bizitzetan murgiltzeko klabea. Eskolako lan horrek kanpoko laguntza beharrezkoa du.
Euskaraldia
Nola eta zergatik sartu zinen Euskaraldiaren antolamendu taldean?
Euskaraldiaren antolatzaile nagusiak dira, alde batetik Euskara Elkarteen Topagunea, eta bestetik, erakundeak, gure kasuan hizkuntza politikako sailburuordetza. Ni aspalditik izan naiz Topagunearen sortzaileetako bat, eta harreman estuan ibili naiz azken urte hauetan. Euskaraldia Euskal Herri osoan egitearen aukera mahai gainean jarri zenean, egin ziren negoziazio horietan egotea egokitu zitzaidan eta, horregatik, oso barrutik bizi izan dut sorrera prozesua. Duela 4 urte sortu zen aukera ekitaldia egiteko, bai euskalgintza barrutik eta bai topagunetik, instituzio eta mugimenduen arteko elkarlana posible zela ikusi baitzen. Nik uste dut Euskaraldiaren aurkezpenean gertatu zela lehenengo aldiz argazki berean Nafarroako, Iparraldeko eta elkarte autonomoetako instituzio ordezkariak euskalgintza osoko ordezkariekin batera agertzea, egitasmo bat elkarren artean egiteko asmoz. Horrexegatik sartu nintzen antolamendu taldean, euskaraldiak gure istorio soziopolitiko eta soziolinguistikoan parametro berri batera salto egiteko aukera eskaintzen zuela uste nuelako.
2018an egin zen lehen Euskaraldia eta arrakastatsua izan zen milaka pertsonak hartu baitzuten parte. Baina oraingo egoera kontuan izanik, uste duzu berdin gertatuko dela?
Berdin ez, pandemiak ez duelako uzten, baina lorpen batzuk ditugu, lehenengoa da Euskaraldia egin behar dela, izan ere, zalantzak izan genituen. Ohartu ginen Euskaraldia ez bazen egiten, euskararen gaia desagertu egingo zela agenda mediatiko eta politikoetatik. Bigarren lorpena da 2020ean 2018an baino udalerri gehiagok hartuko dutela parte. Uste genuen bezala, zailtasunak handiagoak izan dira pandemia dela eta, baina entitate kopuru handi batek eman du izena parte hartzeko. Gainera, izena eman duten norbanakoen artean %25 inguru berriak dira. Ikus daiteke atxikimendu sozial bat dagoela euskararen biziberritzaren alde eta horri eutsi egin behar zaio. Aurtengo Euskaraldia ez da espero dugun bezala atera behar, batez ere entitateei begira, izan ere, denda eta lantegi asko itxita daude. Aurtengo Eskaraldia proba moduko bat izango da.
Aurten “Arigunea” izeneko jarduera berri bat gehitu duzue. Bizi garen egoera kontuan hartuta, nola funtzionatuko du?
Bai, jarduera honen bidez pauso handia eman du Euskaraldiak. Hots, lehenengo Euskaraldia norbanakoetan oinarritzen zen, bigarren honek, berriz, entitateen laguntza ere izango du. Jendearen ohiko guneak gehitu nahi genituen Euskaraldira; elkarteak, instituzioak… Garbi geneukan salto hori eman behar genuela jendeak euskaraz mintzatzeko leku gehiago izateko. Etorkizunean hirugarren ardatza gehitu nahi diogu Euskaraldiari, esparru afektiboa; familia, lagunak eta bikotea. Argi dugu esparru hau dela jendeari “txip-a” aldatzeko gune zailena, baina guztion laguntza eta inplikazioarekin lortuko dugu!
Aurreko euskaraldiaren esperientzia kontuan hartuta, parte hartzen dutenek guztiz betetzen dute euskaraz hitz egiteko edo entzuteko erronka? Eta ildo beretik, euskaraldiak irauten dituen 15 egun horiek igaro ondoren, parte hartu duten herritarrek euskaraz hitz egiteko edo entzuteko ohiturarekin jarraitzen dute?
Jende gehienak serio hartzen du ariketa, baina 225.000 lagunek izena emanda beti egongo da betetzen ez duen norbait. Horrek ez du esan nahi ariketa %100 bete zutenik, baina bakoitzaren mugez ohartu ahal izateko balio izan zuen horrek. Alde horretatik, iruditzen zait ariketa bere osotasunean ez betetzea ere oso positiboa izan zela gauza horiek ikusi genituelako. Euskaraldiaren emaitzei dagokienez, hiru inkesta egin ziren: euskaraldia hasi aurretik, euskaraldia bukatutakoan eta hiru hilabeteetara. Ikusi zena izan zen euskaraldian hizkuntzaren erabilera asko igo zela, baina hiru hilabete pasatu ondoren berriz ere jaitsi egin zela. Beste hiru hilabete igaro zirenean, ordea, erabilerak berriz ere gora egin zuen eta, beraz, arrakasta lortu genuen. Aldi berean, horrek bi gauza erakutsi zituen: bata ariketak funtzionatzen duela eta ohitura aldaketa batzuk gertatu zirela eta, bestea, inertziara jotzea ere erraza dela. Ez da harritzekoa euskara ondo menderatzen zutenek izan zutela hobekuntza eta jaitsiera txikien, eta gutxien zekitenek, aldiz, aurkakoa. Dena den, aldian aldian euskararen erabilera handiagoa izatea espero dugu. Hizkuntzaren ohiturak aldatzea ez da horren zaila, baina ezta horren sinplea ere, kostatzen da.
Hemendik bi urtera biziko al dugu beste Euskaraldi bat?
Bai, nik uste dut euskaraldia bizitza indartze bat dela. Indar gabeziatik ateratzeko pizgarriak behar dituzu eta euskaraldia pizgarri bat da. Bi urtez behin egiten da momentu batean ‘’stop’’ bat behar duelako. Ohiturak errazago aldatzen dira kolektiboki banaka baino eta hori 2018ko euskaraldiak oso garbi erakutsi zuen. Jende asko animatu zen, jende asko animatu zelako eta bertan babes bat ikusi zutelako.
Atzerritarren bat animatu al da Euskaraldira?
Bai, atzerritar asko animatu dira. Atzerritar asko ditugu euskaraz dakitenak eta ikasten ari direnak, batzuk baldintza pertsonal zailetan. Egia da beste asko ere ez direla hasi, baina nik uste dut kanpotarrek euskara ikasiko dutela, baldin eta guk garrantzia ematen badiogu. Ez da erraza, izan ere, hemen euskaraz jakin gabe bizi daiteke, baina gero eta gehiago dira oinarrizko maila bat ikastera animatzen direnak.