“Mintzola ahozko eskola”

Deustuko Unibertsitateko Komunikazioko graduko ikasleek Mintzolaren egoitza nagusira irteera egin dute. Ahozko komunikazioaren eta bertsolaritzaren mundua gehiago ezagutzeko aukera paregabea izan dute Karlos Aizpuruaren eta Ohiana Aranbururen eskutik.

Mintzolara bisita
Mintzolara bisita
Mintzolara bisita

Maialen Zubillaga, Billabona. Komunikazioko graduko bigarren mailako ikasleek Billabonara egin dute irteera; hain zuzen ere, Mintzola Fundaziora. Bertan, Aizpuruak Mintzola zer den eta nola egituratuta dagoen azaldu du. Bere hitzetan: “Mintzola ahozkotasunaren tradizioa mantentzeko sortua da”. Adierazi du ahozko komunikazioaren formazioa, ikerketa eta hedapena direla Mintzolaren hiru adar nagusiak.

Gerora, ikasleak Aranbururekin izan dira Xenpelar Dokumentazio Zentroa ezagutzen. Bertsolaritza sustatzea, ikertzea eta transmititzea dute helburu. Aranburuk azaldu duenez: “Gure funtsa materiala jasotzea da, gero eskaini ahal izateko. Bizi-bizirik dagoen materiala dugu”. Egun, besteak beste, material analogikoaren digitalizazioan ari dira lanean.

Zerbitzu publikoa eskaintzen dutenez, besoak zabalik jasotzen dute edozein bisita. Gainera, eskaintza berriak dituzte buruan. Proiektu horietako batzuk dira ahozko komunikazioari zuzendutako graduondoaren sorkuntza eta etxeko txikienentzako bertso kanpamentua.

Elixabete Perez Gaztelu 14 argitalpen
Irakaslea · Euskal Gaien Institutuko Zuzendaria
ELIXABETE PEREZ GAZTELU Euskal Filologian lizentziatua eta doktorea (Deustuko Unibertsitatea). Gaur egun Deustuko Unibertsitateko irakasle titularra da eta Donostiako eta Bilboko campusetan irakasten du. Komunikazioko Graduan irakasgai hauek ematen ditu: Informazioaren eta Komunikazioaren Teoria I, Prentsa idatziko mezuak ekoiztea eta lantzea, Ahozko Komunikazioaren Lantegia eta Gradu Amaierako Lana (euskaraz eta gaztelaniaz). Hizkuntza modernoen eta Euskal hizkuntza eta kultura graduetan, berriz, Idazketa akademikoa. Bere argitalpenetan gai hauek landu ditu: Komunikazio-gaitasunak, hizkuntzaren erabilera komunikazioan. Azken urteotan gazte euskaldunen komunikazio idatziaren gaitasuna ikertzen aritu da lanean. Komunikazioko ikertaldeko kidea da. Eusko Jaurlaritzak B motakotzat onartua. Beste ikergai batzuk: IKT eta hizkuntzaren erabilera ahozko eta idatzizko komunikazioan. Euskal hedabideen hizkuntzaren erabilera.