Galdetu izan didate sarri ea norekin komunikatzen naizen musikatik. Hiru erantzun ditu galdera horrek niretzat: nirekin komunikatzea, melodia bakoitzaren sentsazio/sentimenduaren sortzailearekin komunikatzea, eta melodia bakoitzean identifikatuta sentitu den horrekin komunikatzea.
Gaurkoan lehenengo erantzun argitzen saiatuko naiz. Lehenengo, nirekin. Niretzat konposatzen dut, ez daukadalako beste modurik nire burua ulertzeko musikan ez bada. Abesten dudanean, nire buruari abesten diot, nire buruak abesten dit niri eta ni entzuten nago. Adi-adi entzuten dut, oso garrantzitsua delako, normalean, nire buruak esan nahi didan hori. Beldurrak aitortzen dizkiot kantuz nire buruari. Batzuetan mingarria da, ez dudalako nahi entzun entzuten ari naizen hori. Baina beharrezkoa da. Musika terapia bat da, nire psikologoa.
Oso garrantzitsua da norbere buruarekin komunikazio kanal eroso eta seguru bat sortzea. Erosoa, lotsa guztiak aterako direlako bertan, gauza beldurgarri guztiak. Eta segurua, gauza mingarriak aterako direlako bertan, edo oso sendagarriak. Prozesu hori egitea oso garrantzitsua da, garrantzitsua bezain zaila. Norbere burua guztiz konplize dugunean lortuko dugu bakea.
Fisikoki negar egitea oso zaila izan zait beti. Ez dut negar askorik egiten. Konturatu naiz musika dela nire negar egiteko modua, bai pozagatik, bai tristuragatik. Bereziki, tristuragatik, askatzeko konposatzen dudalako, kanporatzeko, sendatzeko. Pozik nagoenean, pozik nago eta listo; ez dut gitarrarik behar aterpe hartzeko eta ez dut arkatzik behar sosegatzeko. Malko bakoitza, nota bat. Akorde bakoitza, laztan bat. Musikan aurkitu naiz ni. Bila dezala norberak zein den bere barrura komunikatzeko bide hori.