Komunikazioko ikasketak 2015ean amaitu ondoren, Bartzelonara joatea erabaki zuen Marina Landak (Donostia, 1993) kultura arloan sakontzeko. Kulturarena bere bidea dela sentitzen du donostiarrak, eta momentuz ez du etxera itzultzeko asmorik.
Non zabiltza lanean?
Contorno Urbano fundazioan nabil lanean joan den azarotik eta gure helburua arte urbanoa aztertzea, bultzatzea eta zaintzea da. Lanean hasi nintzenetik asko aldatu dira nire betebeharrak. Komunikazio arduradun moduan hasi nintzen, baina orain kultur kudeaketa lanetan ere banabil. Azken horren barruan betebeharren zerrenda luzea da, hala nola, sare sozialen kudeaketa; diseinu grafikoa; artisten bilaketa, kontaktua eta harremana; erakusketen antolaketa eta harreman publikoak. Oso zabala da kultur kudeaketa, eta asko dago egiteko.
Zer dela eta aukeratu duzu kultura arloan sakontzea?
Txiki txikitatik parte hartu izan dut kulturaren inguruko ekintzetan: dantza, musika, marrazketa… Geroago gitarra jotzen ikasi nuen, eta argazkilaritzan ere hasi nintzen nire lehen pausoak ematen. Konturatu gabe, baina beti eduki dut kulturaren itzala nire inguruan. Urteak aurrera egin arren, nire zaletasunak tinko mantendu ziren, eta ez nuke jakingo esaten ez noiz eta ez nola, baina egun batean bonbilla piztu zitzaidan. Asko hausnartu ostean, aurrerantzean ere kultur arloan sakondu nahi nuela erabaki nuen, eta Kultura Kudeaketa masterra egin nuen Bartzelonan. Egia esan ez naiz damutzen.
Eta zergatik Bartzelona?
Gradua amaituta, publizitate agentzia batean lanpostu bat eskaini zidaten. Baietz esan arren, laister konturatu nintzen hura ez zela nire lekua. Izan ere, eginbeharrak oso zehatzak ziren, eta niri gauza desberdinak probatzea gustatzen zait. Beraz, lanpostua utzi eta eskaintza akademikoa begiratzen hasi nintzen. Txoko desberdinak eta bertako kulturak ezagutzea ere asko gustatzen zait, eta kanpora joatea zen nire aukeretako bat. Madrilen eta Bartzelonaren artean egin nuen zalantza, eta asko pentsatu ostean, azkenengoa aukeratu nuen, niretzako onena zela iruditzen zitzaidalako.
Euskal Herrian kulturari duen garrantzia ematen al zaio?
Ezin dira Euskal Herriko hiriburuak Bartzelona edo Madrilekin alderatu. Hiri nagusietan askoz ere kultura dibertsitate gehiago dago, eta kultura mugimendu gehienak bertan gertatzen dira. Hala ere, gure inguruan uste baino kultura aukera gehiago daude. Nire ustez, arazoa erdibidekoa da, instituzio publikoen eta kultura eragileen artean zubi moduko bat falta delako. Asko daukagu hobetzeko, bai instituzio publikoen aldetik eta bai hiritarren aldetik. Elkarrizketa falta da, batetik, herritarren nahiak zeintzuk diren jakiteko, eta bestetik, kultur aniztasuna sustatu eta betikotik ihes egiteko.
Zer moduz gogoratzen duzu unibertsitateko esperientzia?
Nostalgia puntu batez oroitzen dut, eta batzuetan faltan ere botatzen dut. Niretzat oso garai berezia izan zen pertsona berezi asko ezagutu nituelako eta asko ikasi nuelako, bai eskoletan eta bai horietatik kanpo. Bestalde, ni neu gehiago ezagutzeko eta profesionalki zer nahi nuen erabakitzeko ere balio izan zidan. Ikasle zarenean, gainera, bestelako askatasuna duzu, behin lanean hasita ardurak gehitu egiten zaizkizulako.
Zein da bertan ikasi zenuen gauzarik garrantzitsuena?
Zerbait lortu nahi banuen mugitu egin behar nuela ikasi nuen. Hala ere, ez dut bidea nik bakarrik egin, eta irakasleek zeresan handia eduki dute hortan, asko lagundu didatelako. Horietako batzuekin oso harreman estua ezartzea lortu nuen, eta horrek giro polita sortzen zuen ikasgelan.
Donostiara itzultzeko asmorik?
Beti ari naiz pentsatzen, erronka berrien bila, galdera berriak egiten, gauza berriak ikasi nahian… Eta horregatik etorkizunari eskatzen diodana esperientzia eta ezagutza gehiago da, kultur arloan lanean jarraitzea eta, ahal bada, gizarteari ekarpena egin diezaiokeen zerbait egitea . Momentuz Bartzelonan geldituko naiz; hala ere, garbi daukat hemendik 10 urtera Donostian bizitzen ikusten naizela. Behin eskatzen hasita, beste hiribururen batean ere bizitzea gustatuko litzaidake etxera itzuli baino lehenago. Azkenaldian, ordea, epe luzeko plan gutxiago egiten saiatzen naiz, ez dakizulako bizitzan zerrekin egingo duzun topo.