Naia Begiristain Etxezarreta (Lazkao, 1998) Goierriko Hitzan dabil lanean irailaz geroztik. Gradua amaitu ez eta jada hasi da lazkaotarra bere ibilbide profesionala egiten. Begiristainek dio, hala ere, ez duela nahi “bizitza guztian leku berean” lanean egon, eta ez dizkiola aukera berriei “ateak ixten”.
Noiz hasi zinen Goierriko Hitzan lanean?
Irailean hasi nintzen. Udan zehar Berria egunkarian ibili nintzen praktikak egiten, eta han nenbilela eskaini zidaten irailetik aurrera Goierriko Hitzan webgunerako lan egitea igandeetan. Aukera polita iruditu zitzaidan, eta hazteko ere balioko zidala sinetsita onartu nuen proposamena.
Zein dira zure betebeharrak?
Goierri bailarako herrietan antolatzen dituzten ekitaldietara joateaz edo bestelako gertakariei buruzko informazioa jasotzeaz eta horiek albiste bihurtzeaz arduratzen naiz. Argazkiak ere ateratzen ditut gero albistean jarri ahal izateko, eta ekitaldietan parte hartzen dutenen hitz batzuk jasotzea ere gustatzen zait, albistea aberasgarriagoa izan dadin.
Zer moduz lankideekin?
Bakarrik egiten dut lan igandeetan. Hala eta guztiz ere, ostiraletan Hitzako bulegora joan behar izaten dut asteburuko plangintza zein den jakiteko eta horren arabera nire lanorduak antolatu ahal izateko. Egia esan, oso ondo sentitzen naiz beraiekin elkartu behar izaten dudanean eta horrek ere lana errazten dit.
Graduan ikasitakoa praktikan jarri al duzu?
Graduan zehar ezer ez dela ikasten eta guztia praktikaren bidez ikasten dela esateko ohitura handia dago. Kontuan hartu behar da gure gradua ez dela kazetaritzara mugatzen bakarrik, eta enpresa inguruko ikasgaiak ere lantzen ditugula. Horiek ez didate apenas ekarpenik egin lanean hasi naizenetik, baina bai hedabideetara bideratuta daudenak; azken horiek, besteak beste, ondo idazten eta ondo hitz egiten irakatsi digutelako. Egia da bai, prentsa idatziak askoz ere zerikusi gehiago daukala paperean ideiak nola islatu asmatzearekin, baina beharrezkoa da, era berean, ondo hitz egiten jakitea, gehienbat, jendearekin une oroko tratua daukazulako.
Zaila egin al zaizu ikasketa eremutik lan eremura ohitzea?
Igandetara mugatzen dira nire lanorduak, baina bai, gogorra egin zait. Unibertsitatean lau ordu sartu eta gero, lanak ez baudazkat egiteko, etxera joaten naiz. Lanean berriz, zortzi ordu sartu behar ditut bai ala bai, eta gogorra egiten da. Berrian, adibidez, hasieran asko kostatu zitzaidan lan erritmora ohitzea. Hala ere, baditu bere alde onak; adibidez, nire lanorduak sartu ondoren etxera joan eta ez naiz gehiago egindakoaz edo egin behar dudanaz arduratzen.
Osasuntsu al dago euskal prentsa?
Hitzatik ezin dut ezer askorik esan, herri mailako hedabidea delako. Aitzitik, Berrian nabaritu nituen gabeziak. Ulertzekoa da, neurri batean, ez dituztelako bestelako egunkariek dituzten tresna eta baliabide berak, baina hala eta guztiz ere, baliabide eskasia kontuan izanda, oso profesional onak daude bertan lanean. Nabari da euskal prentsaren beharra azpimarratzen eta sinesten dutela. Gainera, hizkuntza ere asko zaintzen dute, pentsa, nik idatzitako edozer hiru pertsonek begiratzen zuten.
Prentsa aldatzen ari al da?
Zalantzarik gabe, Internet fenomenoarekin batez ere. Baina lagungarria dela iruditzen zait, informazioa publiko zabalago batengana iristea errazten duelako. Jakin badakigu egunkariak gero eta gutxiago erosten direla, eta gazteek badutela horren erantzunkizuna. Internet, bada, aukera paregabea da gazteei informazioa eskaintzeko. Pena da horrek papereko prentsa idatziarekin amaituko duela, baina nire ustez kazetaritzaren eta, zehazki etorkizuneko prentsaren mundua interneten dago. Eta ez naiz aditua kontsideratzen, baina etorkizunean ere aldaketak egongo direla uste dut. Nire ustetan interneteko kazetaritzak geroz eta indar gehiago hartuko du, eta hori horrela, beharrezkoak izango dira benetako informazioa helarazten duten kazetariak.
Non ikusten duzu zure etorkizuna?
Ez dut bizitza guztia leku berean lanean egon nahi, baina ez dakit non amaituko dudan. Hala ere, buruan ez daukat oraindik epe luzean egin nahi dudana, epe motzean egitea gustatuko litzaidakena baizik. Orain askoz ere garrantzia gehiago ematen diet graduan zehar egingo ditudan beste praktikaldiei. Gainera, Komunikazioko Graduak duen aukera zabaltasun hori aprobetxatu nahiko nuke, eta behin hedabideetako arloa apur bat ukituta, enpresa arloan mugitzen hastea ere gustatuko litzaidake; ez dut aterik ixten.