Josep M. Martiren Master Class berezia

DSCN1377 (2)

Urriaren 24an Irrati Ekoizpena ikasten duten Deustuko ikasleek Josep M. Marti kazetari kataluniar beteranoaren Master Class berezi bat jaso zuten. Kataluniako SER kateko emisora desberdinetan ibilbide luzea duen profesionala da Marti, Kataluniako SER kateko zuzendari izan zen eta gaur egun Ondas sarien idazkari nagusia da. Berak 2014an jaso zuen sari hori bere ibilbide profesional guztiarengatik.

Trantsizio egoeran dagoen irrati munduan ―«aurrekoa ez da guztiz hiltzen, eta berria ez da guztiz jaiotzen»―, Josep M. Martiren ustez irratiak inoiz baino beharrezkoagoak ditu ikuspegi estrategikoa, sorkuntza, berrikuntza, eta kontsumorako eskaera eta aukera berrietara egokitutako formatuak. Horiexek dira arrakasta izateko azpimarratu zituen gakoetako batzuk.

Anekdotaz betetako ordu eta erdiko hitzaldia izan zen, eta tartean Espainiako irratigintzak azken hamarkadatan eman dituen izen handi asko aipatu zituen: Gabilondo, Sarda, Buenafuente edo Gemma Nierga, besteak beste. Bukatzeko, konstantzia eta gogoarekin lan egitera animatu zituen gure ikasleak: «Pasio faltarekin ez dago iltze bat ere saltzerik!».

Josep Maria Martiren bisita eskertu nahi dugu eta esker on hori zabaldu Donostiako SEReko zuzendari Begoña Marañoni eta topaketa hau posible egin duten beste guztiei.

Argazkia: Josep M. Marti ezkerrean, Asier Leoz Deustuko irakaslearen aurkezpena entzuten.

Xabier Riezu 20 argitalpen
Irakaslea
Xabier Riezu Arregui Nazioarteko eta Kultura arteko Ikasketetan doktorea da; Migrazioak, Gatazkak eta Gizarte Kohesioan Masterra; Soziologia eta Zientzia Politikoetan lizentziatua; eta Filosofian lizentziatua. Bere irakaskuntza Deusto Business Schoolen, eta Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean eskaintzen du. Irakasgai hauek ematen ditu: "Etika Zibikoa eta Profesionala", "Irrati Ekoizpena" eta "Globalizazioa, hiritartasuna eta kultura arteko konpetentzia". Ikerlari moduan Etika Aplikatuko Zentroko kidea da eta komunikazio-teknologien dimentsio sozialari buruz, erlijioaren eta komunikazioaren arteko harremanari buruz eta etika publikoari buruz argitaratu izan du. Bere jarduera akademikoez gain Espainiako Probintziako Jesusen Lagundiko komunikazio bulegoko kide da, eta komunikabide desberdinetan kolaboratzen du. Horren aurretik Herri Irratian aritu zen lanean.